Koronabirusa

Gaurtik 14 urtez azpikoek etxetik atera ahal izateko kontuan hartu beharrekoak

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 26a, 08:48

Bat zenbakiaz oroitu beharko gara. Egunean behin, ordubetez, heldu batekin, eta kilometro bateko eremuan irten ahalko dira 14 urtez azpikoak. Aipatu moduan, igande honetatik (apirilak 26) aurrera.

Noraino irten edota nondik nora ibili ahalko zareten argitzeko, lagungarria suertatuko zaizue ziur, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, Gaindegiak argitara eman duen mapa interaktiboa. Bertan, norbere bizitoki zehatza hautatu eta noraino irten edo kilometro bateko eremua definitzen dio. Hemen duzue mapa interaktiboaren esteka: https://www.gaindegia.eus/es/node/17456

Neurriak
Segidan duzue Espainiako Gobernuak, 14 urtez azpikoak etxetik atera ahal izateko definitu dituen neurriak:
-14 urtetik beherakoak atera ahalko dira. Jolastera edota ariketa fisikoa egitera irten ahalko dira.
-Irteera ordutegia: 9:00-21:00.
-Egunean behin, gehienez ordubetez, bizilekutik kilometro batera urrutienez.
-Heldu batekin. Heldu honek adinez nagusia izan beharko du, haurren etxe berean bizi beharko da edota adinez txikikoa bere ardurapean duen etxeko langilea izan beharko du. Heldua beste norbait bada, baimen zehatza beharko du.
-Ezingo da jolas parkeetara joan, ezta kirol instalakuntzetara ere.
-Heldua, bat, bi edo hiru haurrekin atera ahalko da.
-Kalera irten ahalko diren gainerako herritarrekiko gutxienez bi metroko tartea errespetatu eta aholkatu diren prebentzio zein higiene neurriak bete beharko dira.
-Ezingo dira irten sintomak dituzten adin txikikoak, Covid19-ak diagnostikatua izateagatik etxean isolatuak daudenak edota berrogeialdia betetzen ari direnak.
-Autonomia erkidegoek erabaki ahalko dute nola kudeatu, erresidentzietan egon, edota babes etxeetan diren adin txikikoen irteerak.

Informazio gehiago, larunbat honetako (apirilak 25) Estatuko Aldizkari Ofizialean.