Euskaraldia

4. erronka: "Bete ditzagun sareak esker on mezuekin!"

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 27a, 09:57

"Etxealditik Euskaraldira" zikloko laugarren ekimen egun honetan, sare sozialak baliatzera deitzen gaituzte, lanean ari direnei esker ona adieraztera.

Asteburua jolasean, "online poteoan" eta bazkari eder baten bueltan bizi ostean, bat baino gehiagorentzat lanera nahiz lantokira itzultzeko astelehena izango da gaurkoa. "Asko dira bizi dugun egoera hau ahalik eta erosoen izateko eta gu zaintzeko lanetan ari direnak". Horregatik, "Etxealditik Euskaraldira" ekimen zikloaren laugarren erronka egun honetan, sare sozialei erreparatzeko gonbita luzatze digute. Sare sozialak lanean diren haiei guztiei esker on mezuak helarazteko deia egin dute. Euskaraz noski. 

Irati Ornat, Euskaraldia Iruñerria
Asko dira bizi dugun egoera hau ahalik eta erosoen izateko eta gu zaintzeko lanetan ari direnak. Garbitzaileak, mediku eta erizainak, autobus eta kamioi gidariak, baserritarrak, janari-dendetako saltzaileak... Zer iruditzen zaizue esker on mezuak helarazten baldin badizkiegu? Sareak etxean elkarrekin adostutako euskarazko mezuekin betetzen baditugu? Gurean, lehengusina Maitaneri bidaliko diogu, garbitzailea da. Zuek ere aukeratu nori  bidali nahi diozuen mezua: senide bati, lagun bati, ezezagun bati, edo kolektibo osoari. Zuen esku! Formatua ere zuen esku, argazki bat, bideo bat, marrazki bat, esaldi bat... Eta gero igo sareetara! Animatu eta parte hartu!".

Proposamen bat egunero
Euskal Herri osora hedatu den ekimenarekin bat egin du Usurbilek ere. Bi helburu bete nahi dira; "etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea; eta euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak eskainiz". Azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko den 2. Euskaraldirako entrenamendu gisa planteatzen dute ariketa hau. 

Guztia prest izateko taula bat osatzea proposatzen digute, egunotan ditugun harremanekin, eta harremanotan baliatzen dugun hizkuntza adieraziz. Gure hizkuntza ohiturak egunez egun eta norekin ditugun zehaztuko duen taula bat osatzea alegia. Diagnosi moduko bat marraztuko dugu hartara. Etxeko balkoi eta leihoetan puntu koloretsu bat jartzera animatzen gaituzte, "Etxealditik Euskaraldira" ekimenean parte hartzera goazela adierazteko. Eta adi, apirilaren 24tik 30era, egunero bideo bidez, ditugun hizkuntza ohiturak finkatzen edo aldatzen eragiteko proposamenak jasoko ditugu.


"Etxealditik Euskaraldira"
Iraupena: apirilak 24-apirilak 30.
Egutegia:
-Apirilak 24-30: hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketak. Egunerokotasunean oinarrituriko zazpi ideia-proposamen, egunero bat.
Informazio gehiagorako:
usurbil.euskaraldia.eus
Facebook: Euskaraldia Usurbil
Twitter: @EuskaraldiaUsur
Instagram: @euskaraldiausurbil