Koronabirusa

Covid19-aren eragina ezagutzeko bi azterketa abian gaurtik

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 27a, 12:55

Covid19-ak gure artean izan duen eragina ezagutzen hasteko bi azterlan abiarazi dituzte astelehen honetan. Bat estatu espainiar osora hedatuko dutena, probak egingo zaizkien herritarren osasun egoera zertan den ezagutu nahi da. Bestetik, Eusko Jaurlaritzak, probak egiten hasi da baita covid19a diagnostikatu zaien herritarren artean, edota susmoak izan direnetan. Azterlanok bideratzeko hautatuak izan diren herritarrek telefono deiak jasoko dituzte. Proba hauek boluntarioki egin ahalko dira anbulatorioetan. 

Covid19-a jendartean izaten ari den eragina neurtzeko batetik, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak, autonomia erkidegoetako osasun zerbitzuek eta Carlos III Institutuak covid19-aren hedapena zenbaterainokoa izan ote den ezagutzeko azterketa abiatu dute astelehen honetan. 

Telefono bidez jakinaraziko zaie, ausaz proba egiteko hautatuak izan direnei. Estatu osoan, 36.000 bizileku hautatu dituzte. Bizileku bakoitzeko pertsona guztiak deituko dira probak egitera; kasu bakoitzaren egoeraren arabera, anbulatorioan edo etxean bertan. Guztira, 90.000 pertsona parte hartzera deituko dituzte, eta amaierako lagina, 60.000 pertsona inguruk osatuko du. Proba hau egitea ez da derrigorrezkoa izango, boluntarioa baizik. Halere azterketan parte hartzera deitzen dute, emaitzak gizarte osoarentzako erabilgarriak izan daitezkeela argudiatuta. Azterlan honi jarraipena emateko asmoa dute; "parte hartzaileei bisita batzuk egingo zaizkie antigorputzak garatzen ote dituzten zehazteko, azterraldiak iraun artean".

Parte hartzaile bakoitzak, galdetegi motz bati erantzungo dio eta proba serologikoak egingo zaizkio, birusaren aurrean antigorputzak dituen baieztatzeko. Odol eta suero ateraldi bana egingo zaio. "Parte hartzaile bakoitzaren beharrezko informazioa lortuko da hartara, covid19-aren aurre diagnostikoa, gaixotasun honen sintomak edota arrisku faktore ohikoak ezagutu ahalko dira". Probak egin aurretik, norberak baimena emateko dokumentu bat sinatu beharko du.

Probak autonomia erkidego bakoitzeko osasun zerbitzuek bideratuko dituzte. EAE mailan, 5.000 lagun inguru aztertu asmo dituzte. Lan hau egiteko, osasun eremu bakoitzeko bat edo bi anbulatorio baliatuko dira, osasun-etxe bakoitzean lauzpabost langile ariko dira zereginotan. Langileok hezi nahi dituzte egunotan edota sistema informatikoak prestatu asmo ditu Eusko Jaurlaritzak. Egunotan bertan hasiko dira hitzorduak finkatzeko telefono deiak egiten. 

"Immunitate" mapa ezagutzeko azterlana
Eusko Jaurlaritzak bigarren azterlan bat ere bideratuko du egunotan, covid19-agatik diagnostikatuak izan edota sintomak izan dituztenen artean. Diagnostikatu eta berrogeialdia igaro dutenen artean egingo da azterketa, beti ere, telefono deia jasoko duten pertsonek hala nahi badute, baimena emanda eta osasunez ondo sentitzen badira. Honenbestez, martxoaren 17ra arteko kasu diagnostikatu edota sintoma susmagarriak zituztenen artean egingo da azterlana. Covid19-a zenbatek gainditu duten edota zenbat immunizatu dauden ezagutu nahi dute.

4.000 bat lagunei egin asmo zaie. Osakidetza apirilaren 22an telefono deiak egiten hasi zen. Jada 600 hitzordu finkatu omen dituzte. Osasun sailburuak nabarmendu duenez, parte hartzera deitu zaien hamar lagunetik bederatzik baiezkoa eman du. Norbere egoera immunologikoa ezagutu eta azterketa honetan laguntzeko telefono deiak jaso dituzten herritarren borondatea azpimarratu dute.

Proben emaitzak sms bidez jakinaraziko zaizkio parte hartzaile bakoitzari. Azterketa honekin Murgaren esanetan, "zehaztasun gehiagoz marraztu ahalko dugu Euskadiko immunitate mapa". Mapa aldakorra izango den arren, neurri eraginkor eta seguruak hartu ahal izateko baliagarria izango zaiela adierazi du, .