Mobilizatzeko deia, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egun honetan

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 28a, 08:08

Euskal gehiengo sindikalak bi protesta egun deitu ditu, apirilaren 28ko Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunerako eta maiatzaren 1eko Langileen Egunerako. Aurten kalean ezingo da mobilizaziorik egin. Horregatik, konfinamendu egoerara egokituriko deialdiak plazaratu dituzte, ELA, LAB, ESK, STEILAS, Etxalde eta HIRU sindikatuek. 

Apirilak 28: Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna
Astearte honetako nazioarteko egun honetan mobilizatzera deitu du euskal gehiengo sindikalak. Bai etxeetan zein lantokietan:
-Lantokietan: mobilizazioak (elkarretaratzeak, isiluneak, eserialdiak...) distantzia ziurtatuta eta albiste honi atxikitako kartelak eskutan. 
-Etxeetan: bideo laburrak grabatu egin nahi den salaketa adieraziz.
-Etxeetan nahiz lantokietan: xingola beltzak jartzeko deia, lanagatik hil edo gaixotu direnei elkartasuna adierazi eta egoerok salatzeko.
-Irudi eta bideoak: #BizitzaDefendatu traola erabilita zabaldu.

Maiatzak 1: Langileen Eguna
Ostiralez egokitu den Langileen Egunean bestalde, sindikatu bakoitzak bere ekimen propioak iragarri ditu, baina denek, hau da euskal gehiengo sindikalak, albiste honi atxikia duzuen kartela prestatu eta etxeko balkoi zein leihoetan jartzeko gonbita luzatu dute. "Maiatzaren Lehenaren eguna aldarrikatu eta ospatu nahi dugu, modu koloretsu batean. Kapitalak marraztu nahi digun etorkizun beltzaren aurrean, guk bizitza erdigunean jarriko duen etorkizuna marraztu nahi dugu, etorkizun koloretsu eta dinamikoa". 

Kartel erraldoia zuek prestatu dezakezue. Bestela, esteka honetan eskura dezakezue: http://www.lab.eus/materiala/argazkiak/labSindikatua/LAB/20_04_23M1/IkurraKoloretan.pdf