Koronabirusa

Garraio zerbitzuetan maskarekin, gel hidroalkoholikoa eskuetan eta tenperatura kontrolak

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 28a, 09:08

Alarma egoera amaitu osteko "normaltasun berrira" igarotzeko planak iragartzen hasiak dira erakunde ezberdinak. "Trantsiziorako Euskal Planaren" baitan, garraio zerbitzuetako erabiltzaileentzako neurriak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak; maskarillak, gela eta tenperatura kontrolak.

Konfinamendu osteko "normaltasun berrirako" bidea jorratzen hasteko erakundeek dituzten planak ezagutarazten doaz. Eusko Jaurlaritzak iragarritako "Trantsiziorako Euskal Planaren" baitan, garraio zerbitzuetan aplikatu asmo duena. Etorkizunean garraio zerbitzuak baliatzeko hiru arau iragarri ditu, zerbitzuok funtsezkoak izaten segitzen dutela ohartarazita. Hartara, zerbitzuaren segurtasuna, jasangarritasuna, fidagarritasuna eta kalitatezkoa izaten segitzeko Euskadiko Garraio Agintaritzak eginiko bileran ondoko hiru neurriok hartzea erabaki dute.

Maskaren erabilera
Ezinbestekoa izango da garraio zerbitzuak baliatzeko maskarak jantzita izatea, alarma egoera hau amaitzean, bidaiari kopurua haziko dela eta espazio itxiak direla argudiatuta. "Maskarak erabiltzeak, gainera, autobusek eraman dezaketen bidaiari kopurua handitzea ahalbidetuko luke, gaur egun autobusak 1/3ko edukierako murrizketa handiekin ibiltzen baitira", Eusko Jaurlaritzatik adierazi dutenez.

Gel hidroalkoholikoa banatzeko guneak
Banatzeko gailuok ondoko lekuotan jarri asmo ditu Eusko Jaurlaritzak: "sarbidea mugatuta duten geltokietan, bidaiariak hesi bidez kontrolatzen diren lekuetan", hiriburuetako geltoki nagusietan. Halere, argitu dutenez, "banagailuak geltoki horien barruan, atarietan edo nasetan bertan, balidazioko hesiak gainditu ostean, egongo dira beti, eta ez autobus edo tren unitateen barruan".

Tenperatura kontrolak
Garraio zerbitzuetako erabiltzaileei tenperatura hartzeko kontrolak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak, "ausazko eta disuasiozko izaerarekin. Kontrol horiek ez dira puntu finkoetan egingo. Garraio publikorako sarbideetan jarriko diren ekipo mugikorrekin egingo dira". Kontrol hauek Euskotreneko tren geltokietan, Bilboko metroan eta hiriburuetako autobus geltoki intermodaletan iragarri ditu. "37ºC-ko sukarra gaindituz gero, arreta osasun taldeei bideratuko zaie".