Sortuz, bakardadea isolatuz

"Sexologiaz erosotasunez hitz egiteko espazio bat eskaintzea da helburua"

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 30a, 08:31

"Musikeneko klase guztiak online formatura pasa dira, eta hauxe nire azken kantu klaserako grabazioaren fotograma bat".

Jon Imanol Etxabe psikologoa eta sexologoa da. Egunotan, Ad Libidum web orrialdea  jarri du martxan. "Sexualitatearen lanketa gune eta metodologia ezberdinetan egin daiteke". Bada gaur, Usurbilgo Artixten txokoa baliatuko du bere ezagutzaren berri emateko eta, noski, ikusentzuleen balizko zalantzak argitzeko.

NOAUA! Nolakoa izango da eskainiko duzun agerraldia? Zerbait aurreratzerik?
Jon Imanol Etxabe. Erosotasunez sexologiaz hitz egiteko espazio bat eskaintzea da helburua, konfinamenduak ekarri dituen aldaketak azaleratu eta aholkuren bat eman, jendeak interesa agertzen badu.
 
NOAUA! Konfinamendua goxatzeko xedez abiatu da ekimena. Eta zuk, nola daramazu egoera hau? 
Jon Imanol Etxabe. Ba guztiok bezala, imajinatzen dut: gorabeherekin. Badira egun oso alai eta produktiboak eta badira gogorik gabeko egunak, ondo jakin gabe zergatik triste antzera zauden horietakoa. Errutina bat mantendu eta aktibo mantentzean dago gakoa, nire kasuan.
 
NOAUA! Labur bada ere, zer da konfinamendutik okerren daramazuna? Eta alde onik ikusi badiozu, zein nabarmenduko zenuke?
Jon Imanol Etxabe. Okerrena, niretzat, interakzio sozial falta da. Nire ohiko egunerokotasunean, ikerketa zentroko lanaren, kontsultaren eta Musikeneren artean, jende askorekin egoten naiz (pasadan bada ere) eta bapateko mozketa hau oso gogorra izan da niretzat.
Bestalde, gauza horiek egiten energia asko gastatzen dut, eta asko kostatzen da etxeko zereginekin maila hori mantentzea. Dena den, baditu bere gauza onak ere: lanetan, ikasketetan, nagoen elkarteetan... Alor guztietan egunean jartzeko aukera izan dut, landuagoak diren gauzak sukaldatzearena berreskuratu dut eta nire sexologia hedapen proiektu pertsonala martxan jarri ahal izan dut (Ad Libidum, Instagram zein Facebook-en)... Orokorrean zapore gozoa utziko dit konfinamenduak.