Euskaraldia

6. erronka: "Ekarri euskarazko zinea zure egongelara!"

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 29a, 11:33

Asteazkena, zine aretoak irekiak egongo balira, ikuslearen eguna izango zen gaur. Hortxe beraz "Etxealditik Euskaraldira" zikloaren 6. erronka edo proposamena. Euskal zinea etxeko gelara ekartzeko gonbita luzatu digu Itziar Ituño aktore ezagunak. Usurbildik Ixabel Agirresarobek zer ikusi, proposamen zehatza egin digu baita.

Ixabel Agirresarobe
"Berrogei egun eta pare bat gehiago pasa dira. Eta denok txintxo-txintxo etxean jarrita gaude. Juxtu juxtu erosketak egitera bakarrik ateratzen gara. Eta etxea garbitu? Ze etxe garbi ditugu guk? Erratza 11 behar pasa dut, armiarma sarerik ere ez dago gure etxean. Pentsa ze etxe txukunak dauzkagun. Jada aspertu naiz. Orain hasi naiz, tarteka, sofan etzan eta pantaila begiratzen. Eta noski, aukera zabala daukagu eta horietako batean miatzen hasi naiz eta hor sartu naiz dokumentaletan, Argiako zerrenda horietako batean eta altxor ederra ikusi dut. Hori bai, ingelesez dago baina lasai, ni bezalakoak bazarete arazorik ez duzue izango, azpitituluak euskaraz baitaude. Dokumentalaren izena hauxe duzue: "Rock and rollaren amapontekoa". Gitarra elektrikoaren amapontekoa. Ederra, nola abesten duen, nola jotzen duen kitarra. Ikusi ikusi, oso entretenitua da".

Itziar Ituño, aktorea

"Kaixo denoi! Ni Itziar naiz, euskal aktorea eta itxialdian nago zuen moduan. Euskaraldia dela-eta proposamen bat luzatu nahi dizuet. Lehen zinera joan ahal zenean, asteazkenetan izaten zen ikuslearen eguna. Zergatik ez dugu orain gauza bera egiten? Asteazkenak hartu eta euskal film on bat aukeratu eta huraxe ikusi eta gero gure artean komentatu; hau gustatu zait gehiago, argumentu hau apur bat flojo ikusi dut, ez dakit nongo aktorea aurreko pelikulan hobeto ikusi nuen, zuzendaria banintz, hau eta hau aldatuko nioke pelikulari. Ezin gara zinera joan, baina utzi ahal diogu zineari eta euskarari gure etxeko geletan sartzen!".

Atzo gogoan izan, erosketak euskaraz egitera animatzen zigun "Etxealditik Euskaraldira" ekimenak. Albiste honetan beherago duzue, herritar batek grabaturiko bideoa.

Proposamen bat egunero
Euskal Herri osora hedatu den ekimenarekin bat egin du Usurbilek ere. Bi helburu bete nahi dira; "etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea; eta euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak eskainiz". Azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko den 2. Euskaraldirako entrenamendu gisa planteatzen dute ariketa hau. 

Guztia prest izateko taula bat osatzea proposatzen digute, egunotan ditugun harremanekin, eta harremanotan baliatzen dugun hizkuntza adieraziz. Gure hizkuntza ohiturak egunez egun eta norekin ditugun zehaztuko duen taula bat osatzea alegia. Diagnosi moduko bat marraztuko dugu hartara. Etxeko balkoi eta leihoetan puntu koloretsu bat jartzera animatzen gaituzte, "Etxealditik Euskaraldira" ekimenean parte hartzera goazela adierazteko. Eta adi, apirilaren 24tik 30era, egunero bideo bidez, ditugun hizkuntza ohiturak finkatzen edo aldatzen eragiteko proposamenak jasoko ditugu.


"Etxealditik Euskaraldira"
Iraupena: apirilak 24-apirilak 30.
Egutegia:
-Apirilak 24-30: hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketak. Egunerokotasunean oinarrituriko zazpi ideia-proposamen, egunero bat.
Informazio gehiagorako:
usurbil.euskaraldia.eus
Facebook: Euskaraldia Usurbil
Twitter: @EuskaraldiaUsur
Instagram: @euskaraldiausurbil