Esther Arrojeria Bera Beran, 2022ra arte

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 29a, 12:27

Beste bi denboraldietarako kontratua luzatu diote Bera Bera eskubaloi taldean¡ Esther Arrojeria herritarrari, 2022. urtera arte honenbestez. "Etxean bezala, inon ez!", adierazi du Arrojeriak sare sozialen bidez.

"Badirudi beste bi urtez urdinez jantziko naizela... 2012-2022! Etxean bezala, inon ez! Mila esker Bera Bera, ohore bat da kamiseta hau defendatzen jarraitzeko aukera izatea", adierazi du pozarren, Esther Arrojeriak sare sozialen bidez. Beste bi denboraldirako luzatu diote kontratua Bera Bera eskubaloi taldean, 2022. urtera arte.

10 urteko ibilbidea osatuko du honenbestez Donostiako taldean. 2012ko urrian debutatu zuen, "2013-14 denboraldian aurkitu zuen lekua zentral moduan Imanol Álvarezek zuzentzen zuen taldean. Geroztik finkoa izan da, oinarrizko jokalaria, eta oraindik gaztea izan arren Estatu nahiz Europako lehiaketatean eskarmentu handiko jokalaria izango da datorren urtean". Bera Bera taldetik Estherri lotutako honako zenbakiak plazaratu ditu: "205 partida jokatu ditu (Ligan 152, Europan 28, Kopan 21 eta 4 Superkopa) 531 gol sartuz".

“Estatuko titulu guztiak helburu izan behar ditu eta Europan salto bat eman"
Espainiako Federazioak hala erabakita, denboraldia bertan  behera geratu da. Kirol urtea modu honetan amaituta hankamotz geratu dela dioen arren, balantze positiboa egin du Arrojeriak. "Sei jardunaldi falta zirela Ligan partidarik galdu gabe geunden, bi berdinketa baino ez, hori Bera Beran ez da sekulan eman. Europan arantzarekin gelditu arren, taldea berria zela kontutan hartuta, lan ona egin dugula uste dut, lortu nahi genuen jokutik gertu".

Hurrengo 2020-21 sasoiari begirako aurredenboraldiari ekiteko irrikitan da Esther. Argi ditu hurrengo denboraldirako erronkak. “Estatuko titulu guztiak helburu izan behar ditu eta Europan salto bat eman, taldea izango dugu horretarako".

Ondoko estekan duzue, kontratu luzapenaren azken orduotako albistea plazaratu aurretik Estherrek aste honetako NOAUA!ri eskainitako elkarrizketa: https://noaua.tok-md.com/pdf/821web.pdf