Telematikoki egingo den gaurko udalbatzarra, zuzenean ikusi ahalko da

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 30a, 08:08

Covid-19aren eraginez, telematikoki egingo da apirilari dagokion eta gaurko (apirilak 30) deitua dagoen udalbatzaren osoko ohiko bilkura. Usurbilgo Udalak Youtuben duen "Usurbil Udala" izeneko kanalaren bidez zuzenean ikusi ahalko da, arratsaldeko 18:00etan hasita.

Ohiko hitzordua izango du baina ezohiko izaera. Covid19-aren eraginez, etenda zeuden udalbatzaren osoko bilkurak orain arte. Baina etenaldia amaitu da. Martxoari zegokion udal ordezkarien osoko bilkura bertan behera geratu bazen ere, apirilari dagokiona egingo dutela iragarri du Usurbilgo Udalak.

Ohi bezala, hilabeteko azken ostegun honetan izango da, apirilaren 30ean. Arratsaldeko 18:00etan. Baina bizi dugun egoerak behartuta, ezohiko izaera izango du; telematikoki egingo da. Udaletik ohartarazi dutenez, "Jitsi Meet plataformaren bidez elkartuko dira Usurbilgo udalbatzako zinegotziak eta zuzenean ikusteko aukera izango da". Plenoa zuzenean segi nahi baduzue, Usurbilgo Udalak Youtuben duen kanalean sartu beharko zarete, "Usurbil Udala" izenekoan "eta bertan agertuko da zuzenekoaren irudia. Hala ere, plenoa hasi baino minutu batzuk lehenago, Facebook eta Twitter bidez zabalduko da lotura zehatza, klik bakarrean ikusi ahal izateko".

Udalbatzarra zuzenean ikusi ezin duenak lasai, emisio hau aipatu udalaren Youtubeko kanalean gordeta geratuko da, eta honenbestez, nahi duzuenean eskura izango duzue.

Segidan duzue udal taldeek ahotan hartuko dituzten gaiak; iazko ekitaldiaren likidazioa, Arau Subsidiarioak, HOBEKI elkartera atxikitzea, Udalaren eta Garbitaniaren arteko hitzarmena, Udala eta NOAUA! K.E.-ren arteko hitzarmena edota Tolosaldea-Sahararekin elkarteari mikrobusaren dohaitza ere mintzagaien artean izango dute.

UDALBATZARRAREN OSOKO BILKURA
Eguna:
apirilak 30, osteguna.
Ordua:
18:00.
Tokia: udal aretoa (telematikoa).
Oharra: zuzenean ikusi ahalko da "Usurbil Udala" Youtuberen kanaletik. 
Gai zerrenda:
1.- Aurreko bilkuretako akten onespena:
* 2020/01/29ko ezohiko bilkura.
* 2020/02/27ko ohiko bilkura.
* 2020/03/09ko ezohikoa bilkura.

2.-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2020ko otsailaren 25etik apirilaren 24ra (2020/0138-2020/0256).

3.- 2019 ekitaldiko likidazioaren komunikazioa.

4.- Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-59 (Ugartondo) Eremuko EQ.01 partzelako zuzkidura- ekipamendua gauzatzeko Udala eta eremuko Hitzarmen-batzarraren arteko hitzarmena onartzea (Esp. zk.: HZ.02/2020-0126).

5.- Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-83 (Oroitzapena) eremuko Antolamendu Xehatuaren Aldaketa hasieraz onartzea eta jendaurrean jartzea (Esp. zk.: HZ.01/2020-0073).

6.- Fermindegi herri-bideko (22. herri-bidea) lehen 125 metroko zatia (4. poligonoa 209. partzela onibarraren mugakidea dena), errepidea eta Fermindegi baserriaren arteko zatia, permutatzea (Esp. zk.: HZ.06/2019-0317).

7.- HOBEKI, hondakinen kudeaketa hobetzeko Euskal Herriko toki erakundeen elkartera atxikitzea (Esp. zk.: HZ.02/2020-0091).

8.- Udalaren eta Garbitania Zero Zabor SL sozietatearen arteko harremana egituratzeko hitzarmena eta 2020ko Jarduera Plan Orokorra onartzea (Esp. zk.: HZ.02/2020-0093).

9.- Usurbilgo Udalaren eta Noaua!ren arteko hitzarmena onartzea (Esp.zk.:KE.02/2020-0046).

10.- Tolosaldea-Sahararekin elkarteari mikrobusaren dohaitza (Esp. zk.: ID.04/2019–0299).

11.- Galdera-eskaerak.