Euskaraldia

Azken erronka: "Partekatuko ditugu asteon izan ditugun bizipenak?!"

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 30a, 09:44

"Etxealditik Euskaraldira" ekimen zikloak iragarria zuen astea bete du. Zazpigarren eta azken proposamena egin digute ostegun honetarako (apirilak 30). Egunotako bizipenak partekatzeko deia egin dute, nahi dugun formatuetan. Prestaketa lanetarako baliatu datozen egunok, eta maiatzaren 3an, sare sozialen bidez nahiz etxeko leiho eta balkoietan partekatzera.

7. erronka: "Partekatuko ditugu asteon izan ditugun bizipenak?!"
Kike Amonarriz
"Astebete pasa da jada Euskaralditik, etxekoekin eta etxetik dituzuen harremanetan, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko proposamena luzatu genizuenetik. Proposamen hori onartu eta ekinbide hauetakoaren bat aurrera eraman dituzuenon bizipenak jaso nahi ditugu orain. Nola egin duzuen, zer sentitu duzuen, non izan dituzuen erraztasunak, non zailtasun handiagoak... Bada guzti horiek zuen aldetik jaso egin nahi ditugu".

Rita Aldabaldetreku
"Bizipen bat aukeratu eta eman iezaiozue nahi duzuen forma. Bizipenak kontatzen duen bideoa, marrazkia, bertsoa, marrazkia, pankarta... nahi duzuena. Leihoan edo balkoian duzuen puntua ere erabili dezakezue nahi baduzue. Pare bat egun hartuko ditugu hau prestatzeko eta maiatzaren 3an, igandean, bete ditzagun sarea, balkoiak eta leihoak gure bizipenekin".

"Etxealditik Euskaraldira"
Iraupena: apirilak 20-maiatzak 3.
Egutegia:
-Apirilak 24: azken astean izandako bizipenak nahi den formatuan islatzeko prestaketa lanak bideratzea (bideoa, bertsoa, marrazkia, pankarta, idatzizko mezua...).
-Maiatzak 3: Euskal Herri mailako amaiera ekitaldia. "Etxealditik Euskaraldira" zikloko bizipenak sare sozialetan nahiz etxeko balkoi eta leihoetan partekatzeko deia.
Informazio gehiagorako:
usurbil.euskaraldia.eus
Facebook: Euskaraldia Usurbil
Twitter: @EuskaraldiaUsur
Instagram: @euskaraldiausurbil