Koronabirusa

Covid19aren eraginez, udalbatza telematikoki bildu da lehen aldiz

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 1a, 11:26

Hilabeteko azken ostegunetan izaten den ohiko udalbatzarra, bizi dugun egoera tarteko, ezohiko moduan egin behar izan dute. Lehen aldiz telematikoki bildu dira udal ordezkariak, modu berean hartu dituzte ahotan gai ezberdinak, baita bozkatu ere. 

Covid19-aren beste ondorioetako bat albiste honi atxikitako irudia duzue. Udal ordezkariak ezin bildu pleno aretoan eta apirilari zegokion udalbatzarra telematikoki egin dute ostegun arratsalde honetan. Gogoan izan, martxoko plenoa bertan behera geratu zen. Apirilekoa ordea modu honetan egitea erabaki dute. "Guretzat ezinbestekoa zen egoera berezi honetan, udal tramitazioarekin, udal funtzionamenduarekin jarraitzea. Horregatik iruditu zitzaigun garrantzitsua osoko bilkura egitea, tramitazioan ahalik eta etenaldi txikiena izan zedin", zioen udalbatzarraren hasieran alkate Agurtzane Solaberrietak. 

Osoko bilkura egitekotan, "dauden osasun eta babes neurriei jarraiki" egin nahi zuten. Hortik, bide telematikoaren aldeko hautua egin izana. "Egoera berriak tresna eta lan egiteko modu berriak eskatzen ditu eta horretara ere egokitzen ari gara Usurbilgo Udalean", zioen alkateak.

Udalbatzarrak beti publikoak izan ohi dira, edonor joan daiteke pleno aretora osoko bilkura bertatik bertara ikusi eta entzutera. Egungo egoera ordea zein den aintzakotzat hartuta, izaera publiko hori bermatzeko ostegun honetako hitzordua streaming bidez eskaintzea erabaki zuten, Usurbilgo Udalak Youtuben duen kanalean. Albiste honi atxikia duzue udalbatzar osoaren bideoa. Bestela esteka honetan ere eskura dezakezue: Youtuberen "Usurbil Udala" kanalean.

Honatx udalbatzak osoko bilkura honetan hartutako gaien zerrenda:
1.- Aurreko bilkuretako akten onespena:
* 2020/01/29ko ezohiko bilkura.
* 2020/02/27ko ohiko bilkura.
* 2020/03/09ko ezohikoa bilkura.

2.-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2020ko otsailaren 25etik apirilaren 24ra (2020/0138-2020/0256).

3.- 2019 ekitaldiko likidazioaren komunikazioa.

4.- Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-59 (Ugartondo) Eremuko EQ.01 partzelako zuzkidura- ekipamendua gauzatzeko Udala eta eremuko Hitzarmen-batzarraren arteko hitzarmena onartzea (Esp. zk.: HZ.02/2020-0126).

5.- Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-83 (Oroitzapena) eremuko Antolamendu Xehatuaren Aldaketa hasieraz onartzea eta jendaurrean jartzea (Esp. zk.: HZ.01/2020-0073).

6.- Fermindegi herri-bideko (22. herri-bidea) lehen 125 metroko zatia (4. poligonoa 209. partzela onibarraren mugakidea dena), errepidea eta Fermindegi baserriaren arteko zatia, permutatzea (Esp. zk.: HZ.06/2019-0317).

7.- HOBEKI, hondakinen kudeaketa hobetzeko Euskal Herriko toki erakundeen elkartera atxikitzea (Esp. zk.: HZ.02/2020-0091).

8.- Udalaren eta Garbitania Zero Zabor SL sozietatearen arteko harremana egituratzeko hitzarmena eta 2020ko Jarduera Plan Orokorra onartzea (Esp. zk.: HZ.02/2020-0093).

9.- Usurbilgo Udalaren eta Noaua!ren arteko hitzarmena onartzea (Esp.zk.:KE.02/2020-0046).

10.- Tolosaldea-Sahararekin elkarteari mikrobusaren dohaitza (Esp. zk.: ID.04/2019–0299).

11.- Galdera-eskaerak.