Koronabirusa

Egunean behin paseoa eman edota ariketa fisikoa egiteko aukera gaurtik

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 2a, 09:29

Covid19-aren eraginez bizi dugun itxialdi honetan urrats berri bat larunbat honetan, maiatzaren 2an. Ordu tarte zehatzetan, paseoa eman edota ariketa fisikoa egiteko aukera izango da egunean behin. Haurrak, helduak eta adinekoak, bakoitzak bere ordu tarte propioa izango du irteeretarako. Ordu tarte zehatz horien baitan, etxeratzeko ez da denbora mugarik definitu. Espainiako Gobernuak agindu berri honen xehetasunak plazaratu ditu. Ondoko albistean bildu ditugu.

Maiatzaren 2tik aurrerako irteeren ordutegia
6:00-10:00 14 urtetik gorakoek ariketa fisikoa egin edo paseoa emateko aukera.
10:00-12:00 Behar bereziak dituzten pertsonen edota 70 urtetik gorakoen irteera.
12:00-19:00 14 urtez azpikoen irteerak.
19:00-20:00 Behar bereziak dituzten pertsonen edota 70 urtetik gorakoen irteera.
20:00-23:00 14 urtetik gorakoek ariketa fisikoa egin edo paseoa emateko aukera.

Xehetasunak:
-Ariketa fisikoa nahiz paseoa egunean behin egin ahalko da aipatu ordu tarte horietan (ordutegi horien baitan, kalean egoteko iraupena ez da mugatu), hirugarren pertsonekin hartuemanetan jarri gabe, pertsonen arteko gutxieneko tartea eta osasun neurriak errespetatuta. Paseoak bizilekutik kilometro bateko eremuan egin beharko dira. Ariketa fisikoa udalerriko mugen barruan.
-Kirol jarduerak banaka egin beharko dira.
-Paseoetan, beharrezkoa balitz, norbera etxeko beste pertsona batekin edo zaintzailearekin atera ahalko da.
-Gune jendetsuak saihestea gomendatzen da, baita gune publikoetan geldialdiak egitea ere.
-Espazio publikoaren erabilerari dagokionez, oinezkoek izango dute lehentasuna, segidan bizikleta gainean doazenek.
-Covid19-ari aurre egiteko higiene eta prebentzio neurriak bete beharko dira.
-Itxiak dauden kirol instalakuntzak ezingo dira erabili, eta ibilgailua ere ezingo da erabili, ezta garraio zerbitzuak ere ariketa fisikoa egitera joateko.
-Irteera hauetatik kanpo geratzen dira, Covid19a diagnostikatua dutenak, etxean berrogeialdia egiten ari direnak edota sintomak dituzten pertsonak. Baita gune soziosanitarioetan diren personak ere.
-Ordu tarte hauek ez dira aplikagarriak izango, osasun arrazoi akreditatuengatik, ordu tarte horretatik kanpo kirola egin behar dutenen kasuan edota behar bereziak dituen adin txikikoen zaintzaileen edota pertsona helduen laguntzaileen kasuan, kontziliazio arrazoi justifikatuengatik. 
-Ordutegiok 5.000 biztanletik gorako udalerrietan aplikatuko dira. Biztanle gutxiago dituzten udalerrietan 6:00-23:00 artean egin ahalko dira irteerak.


Espainiako Gobernuak emandako aginduaren xehetasun guztiak hemen: maiatzaren 1eko Estatuko Aldizkari Ofiziala