Udalbatzarra

Ugartondoko Txirikorda proiektua gauzatzeko hitzarmen berria

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 2a, 09:07

Etorkizunean Ugartondon kokatuko den belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioaren proiektuan urrats berri bat eman zuen udalbatzak apirilaren 30ean egin zuten osoko bilkura telematikoan. Udala eta "eremuko hitzarmen-batzarraren" arteko hitzarmen berri bat izenpetzea onartu zuten.

Hitzarmen honekin Txirikorda proiektua gauzatzeko helburuok bete nahi dira; "dagozkion eraikuntza-obrak eta aipatutako partzelaren urbanizazio-obrak finantzatzeko eta gauzatzeko". 

Urrats berri bat gai honek egin duen ibilbide oparoan. Txirikorda, belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioak aurrez Udalak eginiko lanketatik azaleraturiko bi kolektiboen beharrei erantzun nahi die; batetik, emantzipatu eta bizi proiektu propioa izateko beharra duten 18-30 urte arteko gazteei; bestetik, bakarrik bizi eta mugikortasun arazoak, edota autonomia garatzeko zailtasunak dituzten adinekoei.

Aurreko legealditik lanketan
Egitasmo berritzailea eta aitzindaria dugu Usurbilgoa, Euskal Herrian bakarra, "Europan oso garatuak daudenak". Alkateak azken udalbatzarrean gogorarazi zuenez, "administrazio publikoen betebeharra da etxebizitza eskubidea bermatzea, oinarrizko eskubidea baita. Zer esanik ez, gazteena, eta Udalak hori bere gain hartu behar du zalantzarik gabe". 

Proiektu hau definitzeko iaz, 2019ko urtarriletik udaberri partera arte, parte hartze prozesua bideratu zuen Udalak Hiritik At Kooperatibarekin batera, aipatu bi kolektiboetako kideak biltzen dituzten norbanako nahiz eragileekin. Aurreko legealdi amaieran izan zen hori. "Aurreko udal gobernu taldeak ausardia handia izan zuen eta bat egiten dugu proiektuarekin”. Egungo udal gobernu taldea jardunean hasi zenean, aurreko taldearen "proiektu sozial definitua eta hirigintzako aurreproiektua" jaso zituzten. 

Ordutik, iaztik, azken udalbatzarrean onartu zuten hitzarmenaren lanketari ekin zioten.

Hitzarmen honen baitan, Ugartondoko hitzarmen-batzarrak proiektua gauzatzeko proiektua, maiatzerako aurkezteko konpromisoa hartzen du. Gero, Eusko Jaurlaritzaren ekipamendu dotazionaletarako diru-laguntza deialdira aurkezteko, proiektua ia %100ean finantzatzea ahalbidetu dezake, udal gobernu taldearen esanetan. Hitzarmen batzarrak 1.423.000 euro ordainduko ditu lau epeetan: %25a hitzarmena sinatzean, %25a obra esleitutakoan, %25a eraikinen egitura gauzatutakoan, gainerako %25a eraikuntza-lanak amaitzean. 

Gehiengo osoz onartu zen aipatu hitzarmena, EHBildu eta PSE-ren aldeko bozkekin. EAJ abstenitu zen.

Ordenantza berria
Urte hasieran jendaurrean aurkeztu duten 2020ko Legealdiko Planak jasoa duen moduan, Txirikorda proiektuko etxebizitzen esleipen baldintzak edota beste hainbat xehetasun zehazteko parte hartze prozesua egitea aurreikusia zuen udal gobernu taldeak. Lanketa honekin hastekoak zirela adierazi zuen alkateak osteguneko udalbatzarrean, bizi dugun ezohiko egoera "gertatu ez balitz". Baina egitekoa dute noski.