Usurbilgo Udalak eta Garbitania Zero Zabor SL sozietateak zuten hitzarmena berritzea erabaki zuen udalbatzak, ostegunean telematikoki eginiko osoko bilkuran. Baita Garbitaniak aurkezturiko 2020ko jarduera plan orokorra onartzea ere.
Hitzarmenaren bidez, "helburua litzateke, harremana egituratzea eta sortutako eskubide eta betebeharrak zehaztea", Lur Etxeberria zinegotziak udalbatzarrean adierazi zuenez. Horrekin batera, 2020ko jarduera plan orokorrak "alor teknikoa eta ekonomikoa jasotzen ditu".
Harremana formalizatzeko modua
Udal gobernu taldearen esanetan, hitzarmenak ez dakar berrikuntzarik, "funtsean ez da ezer aldatuko. Harremana formalizatzeko modu bat da", Hernani eta Astigarragako Udalek egin duten moduan.
Proposamenon aurka bozkatu zuten oposizioko taldeek. EAJ-ren bozeramaile Josune Urkolaren esanetan, "guk Usurbilgo zabor bilketa berrantolatuko genuke. Ez gara Garbitaniaren aldekoak. Beraz kontra bozkatuko dugu". PSE-ren udal ordezkariak ere aurka bozkatu zuen. Udal gobernu taldekoen babesarekin, gehiengo osoz onartu zen proposamena.