Udalbatzarra

Beste lau urtez berrituko da, Udalaren eta NOAUA! K.E.-ren arteko hitzarmena

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 1a, 09:43

Usurbilgo Udalaren eta NOAUA! Kultur Elkartearen arteko 2020-23 urtera arterako hitzarmena berritzea onartu zuen udalbatzak aho batez, ostegunean telematikoki egin zuten lehen osoko bilkuran.

Sinatu eta biharamunean indarrean izango da datozen lau urteotarako hitzarmen berria. Aurrekoari, 2016ko martxoaren 21ean sinaturikoari segida emango dio. "Funtsean hitzarmenaren edukiek eta helburuek bere horretan jarraitzen dute", Agurtzane Solaberrieta alkateak adierazi zuenez. Euskararen erabilera sustatzeko Usurbilgo Udalak parte hartzen duen ekimen anitzetako bat da "NOAUA! K.E.-rekin eta beste hainbat eragilerekin" elkarlanean bideratzen duena.

Aldaketa txiki bat txertatzen da hitzarmen berrian; "KPI-aren igoerari lotutako gehitzea diru ekarpenetan". Hala, 2020an 56.000 euroko ekarpena egingo dio Udalak NOAUA! K.E.-ri; bai aldizkari, webgune nahiz elkarteari. Eta 58.000 euroko ekarpena urtero, 2021-23 artean. 

Diruz laguntzearekin batera, Usurbilgo Udalarena izan eta prekarioz utzia dion Bordaberri 3ko orain arteko NOAUA! K.E.-ren egoitzaren erabilpen epea ere luzatzen da hitzarmenarekin batera. Guztia aho batez onartu zuen udalbatzak, osteguneko osoko bilkura telematikoan.

Jarraipen batzordea osatzeko eskaera
Udal diru-laguntzen deialdiari lotuta, udal taldeen eta NOAUA! K.E.-ren arteko batzorde bat osatzea proposatu zuen EAJ-k, "benetan helburu horiek, euskararen sustapena eta euskal kultura nola bultzatu ondo betetzen ari garen ikusteko". Mirari Azurmendi jeltzaleak zehaztu zuenez, "NOAUA!k egiten duen lanaren helburuak betetzen ote diren bai ala ez" aztertzeko eskatu zuen jarraipen batzorde berri hau. Horren inguruko azterlana egitea proposatu zuen. 

Udal gobernu taldetik eskaera honen helburu eta edukiak zehaztuko zituen proposamen bat landu eta aurkeztea eskatu zioten EAJ-ri, "eta dagokion tokian eta dagokienekin aztertuko da". 

NOAUA! K.E.-k hitzarmenaren jarraipen batzordea badu 
Udalbatzarrak irekiak izan ohi dira. Pleno aretora bertaratzen den herritarrak hitza hartzeko aukera izaten du beti osoko bilkuretan. Atzoko saioa ordea, gogoan izan, bizi dugun egoerak behartuta telematikoki egin zuten lehen aldiz. Zuzenean ikusteko aukera izan zen Udalak Youtuben duen kanalean. Modu berean, telematikoki hitza hartzeko nahia agertu zuen NOAUA! Kultur Elkarteko administrari eta dinamizatzaile Alaitz Aizpuruak. 

Udalbatzarra zuzenean ikusteko aukera eskaini izana goraipatzearekin batera, Udala eta NOAUA! K.E.-ren arteko hitzarmena aho batez onartu izanagatik ere eskerrak eman zizkien udal taldeei. EAJ-k eginiko proposamenaren aurrean, jada hitzarmenak berak jarraipen hori bere baitan jasotzen duela adierazi zuen. "Kultura teknikariak egiten du", adierazi zuen Aizpuruak, eta batzorde iraunkorra da. Halere bilgune berri horretan parte hartzeko prestasuna agertu zuen. "Oraindik ez dut uste halako jarraipen batzorderik beste inorekin osatu denik, baina guk aurrenengoak izaten ez dugu inolako arazorik".