Usurbilgo Udalaren "2529GJM" matrikuladun mikrobusak "bidaia" berriari ekingo dio laster. Udal inbentarioan jasota dagoen ibilgailuari baja eman eta Tolosaldea Sahararekin elkarteari dohaintzan ematea proposatu zuen udal gobernu taldeak, ostegunean egin zuten udalbatzar telematikoan.
Agurtzane Solaberrieta alkateak adierazi zuenez, izan ohi zituen matxurak tarteko "udal erabilerarako ez zen baliagarria". Tolosaldea Sahararekin elkarteak mikrobusari beste erabilera bat emateko proposamena egin zion. "Egokitzat jotzen genuen elkarte honi dohaintzan ematea", alkatearen esanetan.
Tolosaldea Sahararekin elkarteak laguntza humanitarioa eskaintzen dio saharar herriari. Saharar herriaren historia, kultura eta gaur egungo egoera hedatzen dihardu. Hango herritarrekin giza eta kultur hartuemanak indartzea du xede baita, helburu gehiagoren artean.
Mikrobusaren egoeraz
"Ez gaude ados honekin", adierazi zuten EAJ-tik. Matxurak izan ohi dituen mikrobusa izanik, "saharar herrialdera bidaltzeko arazoak izango lituzkeela iruditzen zaigu eta agian beste erabilera bat eman beharko litzaiokeela".
Adierazpen hauei erantzunez, alkateak adierazi zuenez, "pentsatu nahi dut dohaintzan ematen dugun ibilgailu baten egoera ona dela, ez agian udal beharretarako baina bai beste behar batzuetarako, eta ez diogula inori emango ibilgailu bat oso egoera txarrean egonda. Kasik ziurtatu dezaket hori horrela dela".
Proposamenaren aurka bozkatu zuen EAJ-k. EHBilduk eta PSE-k alde.