Koronabirusa

65 urtetik gorako herritar guztiei deituko die Udalak astelehenetik aurrera

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 2a, 10:10

Guztira Usurbilen bizi diren 65 urtetik gorako 1.258 herritarrei deituko die Usurbilgo Udalak, astelehen honetatik aurrera. Telefono deien bidez, gaurtik baimenduak dauden irteerak egin ahal izateko informazio argigarria eskaini nahi zaie kolektibo honetako kideei. 30 bat udal langile ariko dira zereginotan.

Bizi dugun egoerak behartuta, lehen aldiz telematikoki egin behar izan zuten apirilaren 30eko udalbatzarrean eman zuen udal gobernu taldeak erabakiaren berri. Berez asteburu honen bueltan egin nahi zituzten deiak; gaurtik baimenduak dauden irteerak hasi aurretik. Baina informazio argigarri guztia ostegunean, hain zuzen udalbatzar telematikoa egiten ari ziren ordu berean eman zuen Espainiako Gobernuak, eta honenbestez, "astelehenera arte atzeratu behar izan dugu".

Udal gobernu taldeak telefono dei guztiok, astelehenean bertan (maiatzak 4) egitea aurreikusia du. Horretarako, zereginotan aritzeko 30 bat udal langile jarriko dituzte. Langileok Usurbilen bizi diren 65 urtetik gorako herritarrei deituko diete. Guztira, 861 etxebizitzetan dauden 1.258 usurbildarrei.

Telefono deia eta bina maskara
Xede nagusi bat izango dute telefono deiok: kalera ateratzeko informazio argigarria eskaintzea eta lasaitasun mezua helaraztea. Haurren artean gertatzen ari den moduan, adinekoen artean ere "egongo da kalera ateratzeko beldurrez dena". Horren eta dagoen desinformazioaren aurrean, ahal den neurrian, kalera ateratzeko beharrezkoak dituzten argibideak eskaintzea da Udalaren asmoa. Kalera irtetearen onurez ere informatu nahi diete; haien osasunerako paseatu edo ariketa fisikoa egiteak duen garrantziaz.

Informazioarekin batera, kolektibo hau osatzen duten herritarrei bina maskara emango zaizkie. "Denek beren etxeko postontzietan jasoko dituzte gutunazal batean". Erabilera bakarreko maskarak direla jakinik, aurrera begira gehiago beharko dira noski. "Gure asmoa bada, maskarak eskuratu ahala, agian herrian banaketa puntuak finkatzea", iragarri zuen Usurbilgo alkateak.