Koronabirusa

Usurbilgo "deseskalatze plana" prestatzen ari da Udala

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 2a, 10:05

Espainiako Gobernuak joan den asteartean aurkeztu zuen "normaltasun berrirako" deseskalatze plana. Maiatzaren 4an abiatu eta ondo bidean, 6-8 astez luzatuko den trantsizio modukoa izango da. Lau faseetan banatua egongo dena. "Hori gure herrian zer eta nola egokitu, horretan gabiltza", aurreratu zuen Usurbilgo alkateak joan den osteguneko udalbatzarrean. Proposamen bat lantzen ari dira, laster aurkeztuko dute.

Datorren hamabostaldian Usurbilgo Udalaren antolaketa batzordea deitzeko asmoa du udal gobernu taldeak. Aipatu moduan, bertan Espainiako Gobernuak "normaltasun berrirantz" diseinatu duen deseskalatze plana kontuan izanda, plan hau herrira nola egokitu lantzeko proposamena aurkeztekoak dira; "Usurbilgo deseskalatze plana"-ren nondik norakoak hain zuzen, alkateak osteguneko udalbatzar telematikoan aurreratu zuenez.

4 faseko trantsizio plana, Gipuzkoa erreferentzia eta herritarrak protagonistak
"Normaltasun berrirako" bidea jorratzeko Ministroen Kontseiluak onartu duen trantsizio plana aurkeztu zuen asteartean Espainiako Gobernuak. Orain hasi, eta 6-8 astez luzatuko dena. Bide hau pixkanaka jorratuko da, probintzia bakoitzak bere errealitatearen araberako erritmoan, unean uneko eta tokian tokiko egoerara egokituko da. Plan malgua izango omen da. Astero ebaluatuko da irizpide objektibodun markagailuekin eta bide honetan urratsak ematen segi ahal izateko azken hitza beti Espainiako Gobernuak izango du. Nahiz presidente Pedro Sanchezek berri eman dzuenez, erkidego autonomoen, Foru Aldundien eta udalen babesa beharko duen. Eta herritarrena; prozesu honetan, herritarrak izango dira protagonista nagusiak Espainiako Gobernuaren esanetan.

Herrialdeka, probintziaka jorratuko da "normaltasun berrirako" bidea. Gure kasuan, Gipuzkoak bide propioa jorratuko du. Gipuzkoa izango da beraz, Usurbilek zer nolako bidea marraztuko duen jakiteko izango dugun erreferentzia. Bizimodua probintzia barruan bideratu beharko da. Lau fase izango ditu trantsizio plan honek; une honetan jada 0 fasean gaude, prestakuntza fasean hain zuzen. Gero etorriko dira hurrengo hiru faseak. Dena aurreikusi bezala badoa, bi asteko iraupena izango du fase bakoitzak, hamabost egunero honenbestez fase batetik bestera igaro gaitezke, beti ere horretarako beharrezko baldintzak betetzen badira behintzat.

Astero herrialde bakoitzak duen egoera aztertuko da, emandako "pauso bakoitza toki bakoitzean" eta horren arabera, fase berean segi edo hurrengora igarotzea baimenduko da. Horretarako irizpide objektibo ezberdinek zehaztuko duten markagailuak ezarriko dira. Irizpideak lau izango dira nagusiki: osasun zerbitzuen gaitasun estrategikoa (lehen arreta zerbitzuan, ospitaleeetan, zenbat ZIU ohe dauden...); egoera epidemiologikoa; garraio zerbitzu, lantoki eta ekonomia jardueretan hartutako babes neurriak; mugikortasun datuak eta datu sozioekonomikoak. Informazio guztia publikoa izango omen da.

Zuhurtziaz jokatu nahi du Espainiako Gobernuak, osasuna lehenetsiz. Espainiako Gobernuak iragarri duenez, probintzia bakoitzak abiadura ezberdinean jorratuko du bide hau, baina guztietan arau berdinak aplikatuko dira. Azken hitza beti Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak izango du, nahiz Sanchezek gogorarazi duenez, toki bakoitzera egokituko ahalko den. Autonomia erkidegoen proposamenak jasotzeko prestasuna agertu du; egon daitezkeen ekarpenak entzun eta plana egokitzen joateko asmoa. Gobernuon eta udalen babesa beharko duela adierazi dute Madrilgo gobernutik.

Prozesu guztia probintzia guztiek batera abiatuko dute eta denek batera amaituko omen dute. Ekaina erdialdean edota amaieran. Une horretan, "normaltasun berria" delakoan murgilduko gara. Trantsizio fase honetan guztian zehar, indarrean jarraituko du alarma egoerak. 

Ohartarazi duenez, epidemiaren kurba apaltzea lortu da. Egun gehiago dira egunero sendatzen direnak egunero diagnostikatzen diren kasuak baino. Birusak halere hor segiko duela ohartarazi zuen, erremedio terapeutikoren bat edo txertoa izan arte.

Trantsizio plana duela hilabete hasi zen Espainiako Gobernua. Nazioarteko esperientzia nagusiak aztertu omen dituzte, Osasun Mundu Erakundearen irizpideak aintzakotzat hartuta, Europak zioena kontuan izanda. Beste lekuetako errealitateak espainiar estatura egokitu nahi izan dituzte. Helburua, pixkanaka "ohiko" bizimodua eta jarduera ekonomikoak berreskuratzea osasuna kaltetu gabe. Lanketa honetan, eragile anitzek (erakundeek, sindikatuek, gizarte eragileek, indar ekonomikoek...) parte hartu omen dute.

TRANTSIZIO PLANA FASEKA
0 fasea (maiatzaren 10era arte):
-Prestakuntza fasea.
-Lasaitze neurrien aplikazioa: 14 urtez azpikoak jada kalera atera daitezke. Maiatzaren 2tik aurrera, helduak ere atera ahalko dira paseatu nahiz ariketa fisikoa egitera. 
-Martxan jarriko diren ekonomia jardueretako zerbitzuak aurrez txanda eskatuta jaso ahalko dira. Jatetxeek esaterako etxera eramateko janaria prestatu ahalko dute. Jatetxera joan eta jatekoa hartu ahalko da.
-Kirolari profesionalen entrenamenduen hasiera.
-Lokal publikoen seinaleztapena.
-Maskarak ezinbestekoak izango dira garraio zerbitzu publikoetan.

1. fasea (Aurreikuspena: maiatzaren 11tik aurrera):
-Herrialdeka hainbat jarduera ekonomiko martxan jartzea.
-Denda txikien irekiera segurtasun neurriekin; merkatalgune handiek itxita segiko dute.
-Terrazen irekiera, %30eko okupazioa.
-Hotel eta turismo sektorearen irekiera murrizketekin. 
-Lokalen irekieran, lehentasunezko ordutegia 65 urtetik gorakoentzat.
-Nekazaritza eta arrantza, murrizketekin bere horretan mantenduko dira.
-Kultur guneen irekiera.
-Errendimentu altuko kirol guneen irekiera.
-Garraio zerbitzuetan, maskaren erabilera aholkatua.

2. fasea (Aurreikuspena: maiatzaren 25 ingurutik aurrera):
-Ikastetxeak irailera arte itxita egongo diren arren, errefortzu saioetarako zenbait zentroren irekiera, baita 6 urtetik beherakoentzako ere, gurasoek lantokira joan beharra dutenen kasuetan. 
-Kirol arrantza eta ehizaren irekiera.
-Kultur guneen irekiera, leku mugatuarekin: gune itxietan 50 lagun baino gutxiagorentzako lekua, kalean 400 lagunentzako lekua gehienez beti ere eserita baldin bada.
-Gurtza guneen irekiera, lekuaren %50a okupatu ahalko da.

3. fasea (Aurreikuspena: ekainaren 8tik aurrera):
-Mugikortasun orokorra malgutuko da probintzia barruan. Trantsizio prozesu osoan zehar, ezingo da probintzia batetik bestera mugitu, zenbait salbuespenetan izan ezik, esaterako, lan kontuengatik. 
-Maskaren erabilera orokorra aholkatuko da.
-Segurtasun neurriekin, gune publikoetako aforoa malgutuko da %50eraino. 2 metroko distantzia.
-Hondartzen irekiera.