Euskaraldia

Azken asteko bizipenak partekatzeko eguna

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 3a, 10:03

Bizi dugun egoera honetan geure hizkuntza ohiturez hausnartu eta euskararen erabilera sustatzera zetorren, azken astean bizi izan dugun "Etxealditik Euskaraldira" ekimen zikloa. Bizitakoa partekatzeko eguna da gaurkoa (maiatzak 3).

Euskal Herri osora hedatu den ekimenarekin bat egin du Usurbilek ere. Bi helburu bete nahi ziren; "etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea; eta euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak eskainiz". Azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko den 2. Euskaraldirako entrenamendu gisa planteatu da ariketa hau. 

Euskaraz jolastera, "online poteoa" egitera, erosketak ere hizkuntza berean egitera, sare sozialak lanean direnei zuzendutako eskertza mezuez jostea, euskaraz bazkaltzera, euskarazko filmak ikusi eta komentatzera... Eta proposamen gehiago jaso ditugu egunotan. Bizitakoa partekatzeko eguna duzue gaurkoa. 

7. erronka: "Partekatuko ditugu asteon izan ditugun bizipenak?!"
Kike Amonarriz
"Astebete pasa da jada Euskaralditik, etxekoekin eta etxetik dituzuen harremanetan, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko proposamena luzatu genizuenetik. Proposamen hori onartu eta ekinbide hauetakoaren bat aurrera eraman dituzuenon bizipenak jaso nahi ditugu orain. Nola egin duzuen, zer sentitu duzuen, non izan dituzuen erraztasunak, non zailtasun handiagoak... Bada guzti horiek zuen aldetik jaso egin nahi ditugu".

Rita Aldabaldetreku
"Bizipen bat aukeratu eta eman iezaiozue nahi duzuen forma. Bizipenak kontatzen duen bideoa, marrazkia, bertsoa, marrazkia, pankarta... nahi duzuena. Leihoan edo balkoian duzuen puntua ere erabili dezakezue nahi baduzue. Pare bat egun hartuko ditugu hau prestatzeko eta maiatzaren 3an, igandean, bete ditzagun sarea, balkoiak eta leihoak gure bizipenekin".