Abisu horian gaur tenperatura altuagatik eta prezipitazio handiagatik

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 4a, 08:23

12:00-20:00 artean abisu horian izango gara "muturreko tenperatura oso altuengatik" eta 21:00-24:00 artean prezipitazio handiagatik.

Aldaketa dezenteko astelehena datorkigu. Etxetik irteterakoan kontuan hartu beharreko faktorea izango dugu gaur eguraldia. Euskalmet meteorologia agentziak iragarri duenez, abisu horian izango gara 12:00-20:00 artean "muturreko tenperatura oso altuengatik". 33 gradura arteko tenperatura izan dezakegu. Iluntzean egoera guztiz aldatzea espero da. 21:00-24:00 artean, abisu horian izango gara berriz, kasu honetan ordea "prezipitazio handiagatik". "EAEko zenbait lekutan ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Baliteke zenbait tokitan zaparrada handiak eta trumoitsuak botatzea eta txingorra egitea, eta horrekin batera, haize-bolada gogorrak izatea", Euskalmet-ek ohartarazi duenez.

Honenbestez, astelehen honetan (maiatzak 4) Usurbilen, "eguzkitsu egongo da, goi-hodei batzuekin. Arratsaldean bero-hodeiak ugarituz joango dira eta egunaren amaieran ekaitzak jo dezake. Hegoaldeko edo hego-ekialdeko haize zakarra ibiliko da; ilunabar aldera haizea mendebal/ipar-mendebaldera aldatuko da, bolada oso gogor batzuekin. Tenperatura maximoak asko igoko dira".

Bihar (maiatzak 5), "hodeiak nagusi zeruan. Goizean goiz mendebaldeko haizea ibiliko da, gainerako orduetan ipar-ekialdeko haize bizia. Tenperatura minimoak gutxi jaitsi eta maximoak asko jaitsiko dira".

Informazio eguneratua, hemen: euskalmet.eus