Koronabirusa

Maskarak jantzita izatea ezinbestekoa gaurtik, garraio zerbitzuetan

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 4a, 08:46

Astelehen honetatik aurrera, Espainiako Gobernuaren aginduz, garraio zerbitzuak baliatzeko maskarak janztea ezinbestekoa izango da bai erabiltzaile baita langileentzat ere. %50eraino bete ahalko da bidaiariz, garraio zerbitzuetako lekua.

Espainiako Gobernuak "normaltasun berrirantz" marraztua duen deseskalatze edo trantsizio planeko 0 fasean dago estatu espainiarra, eta baita Hego Euskal Herria ere. Fase honetan besteak beste, ezinbestekoa izango dute gaurtik (maiatzak 4) maskarak eramatea garraio zerbitzuetan erabiltzaileek baita haiekin hartueman zuzena duten langileek ere. Hidroalkohola ere eskuragarri jarri beharko dute.

Bai tren zein autobus zerbitzuen eserlekuen %50a bete ahalko da bidaiariz. Bidaiariak zutik joan daitezkeen kasuetan, erreferentzia gisa ezarri da metro karratu bakoitzeko bi bidaiari joatea. Autobusen kasuan, gidariaren atzeko lehen lerroa hutsik mantenduko da. 

Kontuan izateko aldaketa gehiago, garraio zerbitzuetan. Ibilgailu partikularretan (autoak, furgonetak eta antzekoak) nahiz enpresakoetan eserleku ilara bakoitzean bi bidaiari joan ahalko dira, beti ere maskarak jantziak baldin badituzte eta elkarren artean gutxieneko beharrezko tartea mantentzen bada. Maskarik gabe, orain arte bezala; aurreko eserlekuetan gidaria, atzeko lerro bakoitzean bidaiari bat. Taxi zerbitzuen kasuan aldiz, gidaria bakarrik joan ahalko da aurreko eserlekuetan. Atzekoetan maskarak jantzita badituzte, bi bidaiari.

Lurraldebus
Espainiako Gobernuak iragarritako aginduaren aurrean, Lurraldebusek ohartarazi duenez, "nahitaezkoa da Lurraldebusen erabiltzaile guztiek sudurra eta ahoa estaltzen dituzten maskarak erabiltzea". Autobusetako eserlekuen %50a erabilgarria izango dela ere iragarri du. "Erreferentzia gisa ezartzen da eseritako eserlekuen erdia okupatzea, eta bi bidaiari metro karratu bakoitzeko, zutik bidaiatzeko egokitutako eremuan".

Euskotrenek ere neurri bera du indarrean. Orain arte bezala, garraio publikoa soilik behar-beharrezkoa denean erabiltzeko deia egiten segitzen du. Eta erabili behar dutenek, gainerako erabiltzaileekiko segurtasun distantzia errespetatzea eskatzen du. "Beharrezkoa baldin bada, hurrengo zerbitzuari itxaron". 

Hemen indarrean diren Euskotreneko eta Lurraldebuseko ordutegiak: