Ziortzako udako kanpaldia, bertan behera

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 4a, 17:36

"Bizitzen ari garen egoera eta kanpaldia antolatzeak ekar ditzakeen ondorioak aztertu ondoren, kanpaldia bertan behera uztea erabaki dugu".  Ziortza Gazte Elkarteak dioen bezala, "pandemia honen aurrean arduraz jokatzea dagokigu". Hala ere, udaz gozatzeko beste alternatiba batzuk pentsatzen hasi dira.

NOAUA!ra igorri duten gutunean adierazi dutenez, "Peñaloscintoseko biztanleriaren gehiengoa arrisku taldekoa  da eta herriarekin dugun harremanak bultzatu gaitu haiek arriskuan ez jartzera".

 

KANPALDIA 2020 – COVID 19

Ziortza Gazte Elkarteak 2020ko kanpaldia bertan behera uztea erabaki du. Bizitzen ari garen egoera eta Kanpaldia antolatzeak ekar ditzakeen ondorioak aztertu ondoren hartu dugu erabaki hau, pandemia honen aurrean arduraz jokatzea baitagokigu.

Ezinezkoa egiten zaigu distantziamendu eta higiene neurriak betetzeko gai izango garela bermatzea. Horrez gain, Peñaloscintoseko herriari zor digun errespetua kontuan izanik, erabaki zuzenena kanpaldia bertan behera uztea dela deritzogu, bertako biztanleriaren gehiengoa arrisku taldekoa baita. Bertako herriarekin dugun harremanak bultzatu gaitu haiek arriskuan ez jartzera.

Eskerrak eman nahi dizkiogu kanpaldian parte hartzera animatu zen pertsona orori. Urtero bezala, kanpaldi eder bat prestatzeko lanean ari ginen, baina gure esku ez dauden faktoreek behartuta hartu dugu erabaki hau.

Hala ere, kanpaldia ordezkatzeko alternatibetan pentsatzen hasiak gara, egoera hobetuko balitz eta higiene neurriek ahalbidetuko balute, urtero kanpaldian bezala udaz goza dezagun. Gure esku dagoen guztia egingo dugu hau posible izan dadin.

Barkatu eragozpenak eta mila esker.

Ziortza Gazte Elkartea