Krisialdiak aurreko ereduetan sakondu edo bide berriak jorratzeko inflexio puntuak direla adierazita eta "norabide bat ala beste hartu, herritarrok erabaki beharko genukeela sinestuta", "Gelditu. Hausnartu. Erabaki" solasaldi digitalen zikloa abiarazi zuen Gure Eskuk duela bi aste. Maiatzaren 7ra arte luzatuko da zikloa; kultura, espazio publikoaren itxiera, gobernantza ereduaren krisia, elikadura eta kontsumoa, eta sistemaren krisia hizpide izango dituen bost saio guztira. Ordu erdiko saio bakoitzean bizpahiru hizlariek parte hartuko dute, "dagokien gaiari buruz egiten duten egoeraren analisia eta euren ustez behar diren aldaketak eta hartu beharreko erabakiak partekatuko dituzte".
"Kultura: apustu egiteko garaia", "Espazio publikoaren itxiera" eta gobernantza krisia izan dituzte hizpide asteotan. Astearte honetan (maiatzak 5), "Elikadura eta kontsumoa: teoriatik praktikara" izango dute mintzagai, Gotzone Sestorain Zabaleta baserritarrak eta Etxalde sindikatuko eta Leitzeko kontsumo taldeko kideak, eta Mirene Begiristain Zubillaga ekonomilariak, EHUko ikertzaile eta irakasleak, eta EH Kolektiboko zein OlatuKoop kooperatiba sareko kideak. Gure Eskuren Youtubeko kanalak zuzenean eskainiko du. Saioa amaituta, solasaldiaren bideoa kanal berean eskegita utziko dute.
"Hamaika Gara", udazkenera arte
Solasaldi digitalen zikloarekin batera, bazkidetza kanpaina bat abiaraztekoa da laster Gure Esku, "komunitatearen babesa indartzeko asmoz". Bestetik, gogoan izan, konfinamendua indarrean jarri bezperatan, erabakitze eskubidea arautzea helburu izango duen errefendumaren aldeko sinadura bilketa masiboa abiarazi zuen Gure Eskuk hainbat eragile sozialekin elkarlanean martxoaren 11n, "Hamaika Gara" egitasmoaren baitan.
Bizi dugun egoeraren eraginez ordea, udaberri parte honetarako aurreikusia zuen kanpaina udazkenera arte luzatzea erabaki du Gure Eskuk. Osasun krisia bere onera etortzen hastean, kanpaina digital bat martxan jartzekoak dira. Bitartean, aipatu erreferendumaren alde sinatzeko aukerak zabalik segiko du hamaikagara.eus atarian.
GURE ESKUREN HITZALDI ZIKLOA
Maiatzak 5, asteartea
19:00 "Elikadura eta kontsumoa: teoriatik praktikara".
Hizlariak: "Gotzone Sestorain Zabaleta baserritarra eta Etxalde sindikatuko eta Leitzeko kontsumo taldeko kidea, eta Mirene Begiristain Zubillaga ekonomilaria, EHUko ikertzaile eta irakaslea, eta EH Kolektiboko zein OlatuKoop kooperatiba sareko kidea".
Maiatzak 7, osteguna
19:00 "Sistemaren krisia" (gaztelaniaz).
Hizlariak: Amaia Perez Orozco ekonomialari eta aktibista feminista eta Jule Goikoetxea filosofo politikoa, ikertzailea, irakaslea eta aktibista feminista.
Hitzaldi zikloa zuzenean ikusgai baita gerora ere, hemen: Gure Esku
Informazio gehiago: gureesku.eus
Antolatzailea: Gure Esku.