Usurbilgo ile-apaindegiak: “Jendea topera dabil, deika eta deika”

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 6a, 07:47

Hartu beharreko segurtasun neurriak adostu eta osasun baldintza egokiak bermatzen direla ziurtatu ondoren, "prest gara gure betiko lanari ekiteko”. Ile-apaindegiak lanera bueltatzeko gogoz topatu ditugu. Hemen dituzue batzuk eta besteek egin dizkiguten adierazpenak. 

Enar

Enar Estetikan aldaketa dezente egin dituzte, “baina ez araudi bidez behartu gaituztelako. Guk hala erabakita baizik. Dena martxan jartzea lortu dugu, segurtasun neurri guztiak betez”.

Bezeroak banan bana hartu behar dituzte, beraz, “puntualak izateko eskatzen diegu bezeroei”. Eguna eta ordua eskatzeko, telefonoz edo whatsapp bidez egiteko aholkatzen dute: 943 57 16 80 / 620 852 875 (whatsapp).

 

 

Arriaga

Arriagak ez du lantokia egokitu behar izan baina egoera berriaren aurrean neurri berriak hartu behar izan ditu. “Makina bat erosi dut desinfektatzeko”. Bezeroari ilea moztu eta gero, “guraizeak eta erabilitako materiala desinfektatzeko makina batean sartzen ditut”. 10 minututan listo du materiala, beste bezero bat atenditzeko pronto.

Hitzordua eskatu behar da aldez aurretik. Txanda hartu nahi duenak deitu dezala hona: 688 62 06 48.

 

 

Bixen

Distantziak errespetatzea funtsezkoa da. Bixen ile-apaindegian “toki zabala dugu eta ondo moldatuko gara”. Bezeroak banan bana hartzen ari dira. “Langile bakoitzeko, bezero bat atenditzen dugu”.

Lantokia egokitu baino, lan egiteko modua aldatu dute. “Lehen biak aurrera begira lan egiten genuen. Orain bat aurrera eta bestea atzera”.

Ordua eskatzeko telefono zenbaki honetara deitu behar da: 943 37 28 44.

 

 

Ines

Ines ile-apaindegian “maiatzaren 12an hasiko gara lanean”. Ordura arte lokala itxita egongo denez, hitzordua telefonoz eskatu behar da telefono zenbaki honetara deituz: 943 36 19 51. Hasi dira txandak hartzen. Hori bai, “oraingoz goizez bakarrik egingo dugu lan”.

“Lokal handia dugu”, adierazi digu Inesek, “eta binaka ere har ditzakegu bezeroak”. Langile bakoitzak bezero bana atendituko du.

 

 

Intza

Ile-apaindegia segurtasun neurrietara egokitu asmoz, tokadore bat kendu dute. “Distantziak errespetatzeko egin dugu”. Horretaz gain, erabilera bakarreko toailak eta kapak eskuratu dituzte. Baita desinfektantea ere.

Langile bakoitzeko bezero bat hartuko dute eta hurrengo bezeroa atenditu aurretik, beharrezko denbora hartuko dute lantokia modu egokian garbitzeko.

Intzan ere maiatzaren 12an hasiko dira lanean baina aurretik eskatu behar da txanda: 943 36 36 41.

 

 

Ixabel Esnaola

“Deika eta deika” txanda hartzeko eta kalera irteteko gogotsu aurkitu ditu bezeroak Ixabel Esnaolak. Ireki aurretik ere deitzen ari zitzaizkion jada. Beharrezko baliabideak eskura ditu; maskarak, baita guanteak ere. Argizariarekin lan egiten duenez, espraidun guanteak behar izaten ditu. Momentuz ordea material aldetik aski duela adierazi digu. Lehen bezeroak etorri zaizkio eta lasai antzera sumatu ditu. Denda maiatzaren 11n irekiko du. Ordura arte aurrez hitzordua eskatuta eskainiko du zerbitzua. Ordutegi aldetik malgutasunez ari da lanean, “denbora gehiago behar dut dena garbitzeko”. Bezeroen antzera, langileak ere egokitze fase betean dira.

Hitzordua eskatzeko deitu 943 360 372 telefono zenbakira.

 

 

Lurdes Larrañaga

Lanerako beharrezko materiala eskuratu nahian zebilen astelehenean elkarrizketatu genuenean eta jada jaso dituen bezeroekin dituen hitzorduen agenda antolatzen. “Deitzen doazen heinean antolatzen segiko dut”. Asteazkenean irekitzekoa zuen estetika gunea, baina “dena dago airean eta batzuetan ez dakizu nola jokatu”. Esaterako, etxetik irteteko finkatu diren ordutegien mugak tarteko, hainbat pertsonekin lan egiteko behar adina denbora ez duela izango adierazi digu. “Ile-apaindegira joatea erosketak egitera joatea bezala izango ote den” galdetzen du, alegia finkatua duen ordutegiaren edozein unetan. Bezeroei maskara eta ordezkoa eramatea aholkatzen die. Eta guanterik ez badute, gel hidroalkoholikoa bertan izango du.

Aste honetan hitzordu bidez bakarrik zabalik, maiatzaren 11tik aurrera ohiko ordutegian irekita. Hitzordua 943 362 887 telefono zenbakira deituta eska daiteke.

 

 

Mariaje Elexpe

“Jendea topera dabil deika”, adierazi digu Mariaje Elexpek, “badakizu ilea zer garrantzitsua den”. Telefono deietan bizi dugun egoerari lotutako galderak. “Nola egongo garen, zenbat denbora… Galdera asko egiten dituzte”. Ulergarria deritzo, “hartueman oso zuzena dugu bezeroekin, ilea mozteko ezin dugu bi metrora egon”. Guante eta maskarekin joan beharko duten bezero bakarra artatu ahalko dute ileapaindegiek. Baina lasai joateko deia egin du. “Lanerako prestatuak gaude”. Astelehenean bertan eskuratzekoa zuen beharrezko lanerako tresneria berria.

Maiatzaren 11n irekiko du ohiko ordutegian baina larunbatera arte aurrez 943 370 462 telefono zenbakian eskatutako hitzorduekin soilik lan egingo du.

 

 

Argazkia: Bixen.