Gaikako bilketa %58,21ean Gipuzkoan, %86an Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 6a, 12:27

Ia 30 puntutan hobetzen du Usurbilgo gaikako bilketak Gipuzkoako bataz bestekoa. 2019ko herrialde  mailako datuak ezagutzera eman ditu Foru Aldundiak; Gipuzkoako hondakinen %58,21a bildu ziren gaika iaz herrialde mailan. %86a Usurbilen.

Atez ateko bilketa sistemaren eraginkortasuna agerian uzten duten datuak segidan. Usurbilen hondakinen %86a gaika biltzera heldu zen iaz. Epe berean, Gipuzkoan hondakinen %58,21a bildu zen gaika. Foru Aldundia pozik agertu da halere datuokin, 2020rako Europak finkatua zuen %50eko gaikako bilketa gainditzen delako, eta 2025erako ezarritako %55eko helburua lortzear delako herrialdea.

Hondakin zati guztien bilketan izan den gorakada nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Errefus bilketan izan den beherakada. Atez ateko bilketaren aurrean, bost edukiontzien sistemaren eraginkortasuna defendatu du Jose Ignacio Asensio foru ingurumen diputatuak. “Bio-hondakinaren bilketaren hobekuntzak bosgarren edukiontziaren eraginkortasuna egiaztatzen du atez ateko sistemaren aurrean. Bosgarren edukiontzia hedatzen den heinean, gaikako bilketaren datuek gora egiten dute”.

Era berean, datuokin Gipuzkoak egun dituen tratamendu azpiegituren beharra nabarmentzen du baita. “Datu hauek agerian uzten dute beharrezkoa dela azpiegitura egokiak edukitzea hondakinak kudeatzeko, gure inguruko herrialde garatuenek egiten dutenaren antzera eta horretarako ditugu Gipuzkoako Ingurumen Gunean laster abiaraziko ditugun azpiegiturak”.

Bosgarren edukiontzien sistemarekin ordea gaikako bilketa ia %60koa Gipuzkoan, %90era heltzera bidean da Usurbil.

Gipuzkoa, 2019
-Gaikako bilketa: %58,21.
-Duela lau urte: %42,25. Lau urteko igoera, %12,08koa.
-Ontzien gaikako bilketa: %68,11.
-Bio-hondakinen bilketa: %47,36.
-Beiraren bilketa: %80,50.
-Papera eta kartoiaren bilketa: %78,05.
-Bilketa tonatan: hondakinen sorrera: 330.373 tona; errefusa: 138.090 tona; 57.253 tona bio-hondakin.
Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Usurbil, 2019
-Gaikako bilketa: %86.
-Ontzien gaikako bilketa: 286 tona.
-Bio-hondakinen bilketa: 834 tona.
-Beiraren bilketa: 220 tona.
-Erreusa: 430 tona (etxekoa, industrietakoa eta kale garbiketakoa batuta).
-Datu gehiago: 3 tona etxeko olio. 147 tona kudeatu ziren auto eta auzokonpostatze egitasmoen bidez. 
-Hondakinen sorrera: 3.141 tona batu ziren; biztanleko eta urteko.
Iturria: Usurbilgo Udala.