Koronabirusa

Espainiako txirrindulari itzuliak urriaren 20an zeharkatuko du Usurbil

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 6a, 08:08

Covid-19ak Usurbildik zeharkatzekoak ziren txirrindularitza probetan ere eragin zuzena izan du. Apirilean ospatzekoa zen Euskal Herriko Itzulia azkenean 2021era arte ez da jokatuko. Espainiako Itzulia bai, baina ez abuztutik irailera, urritik azarora baizik. Urriaren 20an Irunetik abiatuko den lehen etapak udalerri honetatik igaroko da.

Bizi dugun egoera tarteko, txirrindularitza proben egutegia berregokitu behar izan dute. Gogoan izan, Euskal Herrian, Itzulia eta Donostiako Klasika 2021era arte atzeratu direla. Aurten azkenean ez dira jokatuko. Datorrenean, Itzulia apirilaren 5etik 10era eta Donostiako Klasika uztailaren 31n ospatzea aurreikusia dago.

Albiste hau NOAUA!ra dakarkigu, berez aurtengo Itzuliak Usurbil zeharkatu behar zuelako. Aipatu moduan ordea, 2021era arte itxaron beharko dugu. Udalerri hau zeharkatzekoa zen beste txirrindularien proba bat ere; Espainiako Itzulia. Berez abuztuaren 18an, Irun Arraterekin lotu behar zuen laugarren etapan. Holandan hastekoa zen berez "La Vuelta" kirol proba. Bizi dugun egoera tarteko ordea, eta nazioarteko gainerako proben egutegia aldatu dela ikusita, udazkenera arte atzeratu dute. 

Espainiako 75. "La Vuelta" Herbehereetan ez, Euskal Herrian abiatuko da urriaren 20an. Irunen hain zuzen, eta Eibarren amaituko den lehen etapa horrek Usurbil zeharkatuko du. Ohi baino laburragoa izango da, 18 etapa izango ditu eta azaroaren 8an Madrilen amaituko da.

TXIRRINDULARITZA PROBA NAGUSIEN EGUTEGI BERRIA
-Bertan behera 2021era arte: Euskal Herriko Itzulia edota Donostiako Klasika.
-Frantziako Tourra: abuztuak 29-irailak 20.
-Italiako Giroa: urriak 3-25.
-Espainiako Itzulia: urriak 20-azaroak 8.