Sortuz, bakardadea isolatuz

"Euskaraldiaren bigarren edizioari buruzko argibideak emango ditugu"

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 8a, 10:54

Euskaraldiaren bigarren edizioa ospatuko da urte amaieran. Prestaketa lanak martxan dira dagoeneko. Usurbilgo batzordeko kideek hainbat argibide eskainiko dituzte gaurko agerraldian. "Ikusleek ere parte har dezaten nahi genuke", azaldu digu Maialen Iñarrak. Arratsaldeko 19:00etatik aurrera Usurbilgo Artixten sare sozialetan topatuko dituzue.

NOAUA! Nolakoa izango da gaurko agerraldia? Zerbait aurreratzerik?

Maialen Iñarra. Maiatzaren 8ko zuzenekoa edukiz beteriko saioa izango da, baina aldi berean, baita freskoa ere. Horretarako, zenbait gonbidaturen artean ahalik eta modu atsegin eta eramangarrienean landuko dugu gaia. Zer dira ariguneak? Entitateek nola eman behar dute izena Euskaraldian?... Euskaraldiaren bigarren edizioari buruzko argibideak emateko parada izango da, baita sorpresaren bat edo beste ematekoa ere!

Gainera, ikusleek ere parte har dezaten nahi genuke. Beraz, Euskaraldiari buruzko galderak, zalantzak, iritziak, kezkak, ekarpenak, gogoetak, proposamenak, iradokizunak… egiteko gonbidapena luzatu nahi diegu. Adibidez, baliagarri izango zaio saioa, entitateren batean Euskaraldia martxan jartzeko ahalegina egin nahi duen orori, ziur!

 

NOAUA! 'Etxealditik Euskaraldira' egin berri da Usurbilen. Pozik al zaudete kanpainak eman duenarekin? 

Maialen Iñarra. Usurbilgo Euskaraldiko batzordekideok martxa moteldu egin dugu konfinamenduaren aste guzti hauetan, halabeharrez. Urtarrilean jarri ginen buru-belarri aurtengo Euskaraldia prestatzen, baina orain arteko egoera ez da ezertan jarduteko batere aproposa izan.

Hala, joan den astean burututako “Etxealditik Euskaraldira” ekimenak berraktibatu egin du gure dinamika. Beraz, alde horretatik gustora gaude! Gainera, egunez egun etxean ere euskaraz egiteko erronkek edo gonbitak harrera ona izan duelakoan gaude herritarren artean. Pozik, beraz! Sakonduko dugu gehiago honi buruz ere, ostiraleko zuzenekoan.

 

NOAUA! Euskaraldia iritsi bitarte, zer nolako urratsak emango ditu Usurbilgo batzordeak? 

Maialen Iñarra. Zer egin dugun, zertan ari garen eta zer egin nahi dugun… Horiek izango dira saioaren ardatzak. Beraz, saioan bertan emango dugu informazio osatuagoa, aurrera begirako asmoei dagokienez.

Hala eta guztiz ere, datozen hilabeteetan ere Usurbilgo entitateek Euskaraldian izena eman dezaten lanean jarraituko dugu. Izan ere, dagoeneko batzuk eman dute! Zein izango ote dira? Adi ostiraleko zuzenekora!!