Zirriborro Eskulan Tailerrak kanal bat zabaldu du Youtuben

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 7a, 16:01

Konfinamenduaren ondorioz, etxe barruan pasa behar izan ditugu azken asteak. Gutxi edo asko, egoera berrira egokitu behar izan dugu denok. Zirriborro Eskulan Tailerrekoek esate baterako, erakusleiho bat zabaldu dute Youtuben, euren lanen berri emateko. 

 

Herritarrak entretenitzeko. Susana Martinek arrazoi horregatik zabaldu zuen Zirriborro Eskulan Tailerraren kanala Youtuben. Etxean dituen gauzekin eskulan bat egiten du egunero eta sare sozial ezberdinetan partekatzen du gero, tartean, Usurbilgo Artixten txokoan. “Nire senarrak laguntzen dit”, aitortu digu Susanak. “Berak grabatzen ditu bideoak eta extra moduan askotan gure katua agertzen da planoan”.

 

Eskaintza oparoa

Semea eta senarra gaixotu egin ziren eta koarentena ezarri zieten. “Orduan okurritu zitzaidan kanala irekitzea”. Youtuben Zirriborro Eskulan Tailerra idazten baduzue, bertan agertuko zaizkizue Susana Martinek aste hauetan zehar igo dituen bideo guztiak. Eguzkilorea, txoriek jateko ontzia, postala, dantzaria... Oparoa da eskulanen eskaintza. 30 bat bideo igo ditu orain arte. Tartean, albiste honetara lotu dugun hauxe: Eguzkilorea. 

 

Herritarrei irekia

Argazkietan ageri diren eskulan batzuk Susana Martinenak dira, besteak ikasleenak dira. Tailerreko kide izan gabe, herriko jendeak ere parte hartzen du ekimen honetan. “Batzuk eskulanak donatu egin dituzte, saldu ahal izateko”. Susana Martinek adierazi digunez, “dirua Ugandara bidaliko da Maddi Egizabalen bitartez”.