Euriagatik abisu horian asteburuan

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 8a, 08:26

Kirola egin nahiz paseatzera ateratzeko asmoa duzuenontzat kontuan izateko oharra. Prezipitazio handiagatik abisu horian izango gara asteburuan; bai behintzat, ostiral eta larunbat honetan, arratsalde partetik gauerdira arte.

Euskalmet meteorologia agentziak egunotan, "prezipitazio handiagatik" abisu horian izango garela iragarri du. Ostiral honetan, 18:00-00:00 artean eta larunbatean 15:00-00:00 artean. "Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pilatu daitezke EAEko zenbait lekutan, bereziki mendebaldean. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu; zenbait lekutan handiak izan daitezke eta txingorra bota dezake, batez ere mendebaldean. Ekaitz-guneetan haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan ditzakegu".

Ostiral honetan Usurbilen, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Egunaren bigarren partean zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botako ditu. Hego-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin haizeguneetan. Arratsaldean haizeak indarra galduko du eta azken orduetan mendebal/ipar-mendebaldera bizi egingo du. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez".

Larunbatean, "zerua partez hodeitua egongo da; arratsaldean hodeiak ugaritu egingo dira eta hodeitsu edo oso hodeitsu geratuko da. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu egunaren bigarren partean. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da; arratsaldean ipar-mendebaldeko haize ahula nagusituko da. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus