Jasotako aholkuak, helarazitako "hainbeste mezu polit" nabarmentzen ditu herritar batek. Esperientzia honen izaera aberatsa beste batek. "Jendeak nirekin gehiago hitz egiten du euskaraz", aipatuz. Beldurra alboratu eta euskara maizago ahotan hartzeko asmoa agertu du.
Etxe barruan euskara gehiago erabiltzeko hautua egin dute, baita etxetik bertatik munduarekin dituzten hartuemanetan ere. "Familia eta lagunekin komunikatzerakoan konturatu naiz, euskarazko hiztegia aberastu dudala edo gehiago ikasi dudala", aipatu du beste herritar batek. Informazio eta komunikazio teknologiekin aritzen da lanean, aisialdirako tarte bat ere baliabideotatik bizi du. Eremu hau euskaldundu eta app-ak euskaratzen dituen lan taldea ezagutzeko parada izan duela eta baita atzoko zein gaurko euskal musika errepertorioari astindua ematekoa ere. "Euskal musika gehiago entzuten ari naiz, nerabezaroan entzuten nuen musika bilatzen ari naiz. Orain irratietan entzuten den euskal musika bilatzen naiz".
Beste herritar batek, "Etxealditik Euskaraldira" ekimen zikloari atxikimendua adierazteko balkoi nahiz leihoetan jartzea eskatzen zen koloretako puntua erakutsi du bideoan. "Kolore askotakoa da gure hizkuntz egoera. Animatu eta euskaraz bizi 365 egunetan!", luzatu du gonbita.
2. Euskaraldira begira
Euskal Herri osora hedatu den ekimenarekin bat egin du Usurbilek ere. Bi helburu bete nahi ziren; "etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea; eta euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak eskainiz". Azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko den 2. Euskaraldirako entrenamendu gisa planteatu da ariketa hau.
Euskaraz jolastera, "online poteoa" egitera, erosketak ere hizkuntza berean egitera, sare sozialak lanean direnei zuzendutako eskertza mezuez jostea, euskaraz bazkaltzera, euskarazko filmak ikusi eta komentatzera... Eta proposamen gehiago jaso ditugu egunotan. Bizitakoa partekatzera deitu zuen antolakuntzak iragan asteburuan.