Tren geltokia berritzeko prozesua abian

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 8a, 11:00

Euskal Trenbide Sareak (ETS) geltokia berritzeko kontratazio prozesua abiarazi du, Usurbilgo Udalak ohartarazi duenez. Adi bestalde, maiatzaren 11n, Euskotrenek ohiko tren ordutegia izango du indarrean lan egunetan.

"Prozesua hasi besterik ez da egin", ohartarazi du Usurbilgo Udalak. 2010ean tren geltokia berritzeko idatzitako proiektua berridazteko kontratazioa hasi berri du Euskal Trenbide Sareak (ETS). Proiektua berridatzita, lanon esleipen prozesua abiarazi beharko dute eta gero lanei ekin. Luze joko du egitasmoa gauzatuta ikusterako. "Proiektu eguneratuak, gainera, Atallura joateko lotura segurua eta igogailua ere barne hartuko ditu", berri eman du Usurbilgo Udalak.

Geltokia berritzeko eskaera ez da gaurkoa, aspalditik datorrena baizik. "Udalak hainbatetan eskatu izan dio ETSri geltokia berritzeko, besteak beste, trenbide gaineko bi pasabide arriskutsuak kentze aldera (Atallura joateko pasabidea, eta Zumaiara joateko nasara joateko)". Usurbilgo alkatearen esanetan, "zor historikoa du ETSk Usurbilekin. Urteak joan eta urteak etorri Usurbilera ez da deus iritsi, eta, aldiz, aldameneko herrietan inbertsio handiak egin dituzte". 

Gogoan izan, trenbideak hainbat puntu arriskutsu ditu Usurbilen; Troia inguruan, Atallun eta baita Txokoalden ere. Hauek ezabatzeko hainbat bilera egin ditu Udalak ETSko zuzendaritzarekin. Albiste honekin, udal gobernu taldearen esanetan "azken bileran adierazitakoa bete egin" dutela argi geratzen da. "Espero dugu hau lehenengo urratsa izatea, eta behin betikoz proiektua gauzatzea, besteetan ez bezala, ez dadin kaxoi batean sartuta gelditu".

Ohiko tren zerbitzuak, astelehenetik aurrera
Euskotrenek jakinarazi duenez, maiatzaren 11tik aurrera ohiko tren zerbitzuak eskainiko ditu. "COVID-19ak sortutako egoeran zehar abian jarritako zenbait neurriei eskaintza egokitze prozesuan, Euskotrenek datorren astelehenetik, maiatzaren 11tik aurrera, astelehenetik ostiralerako lanegunetako ohiko maiztasuna berreskuratuko du".

Informazio gehiagorako:
944 333 333
euskotren.eus