"Erraustegia martxan da behar dituen bermerik gabe. Horrela onartzen dute alarma egoera betean onartu duten kontratuaren aldaketan. Ozenago esan dezakete, argiago ez!". Deitzaileen esanetan, "Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ofizialki onartu du azken 4 urte hauetan salatzen aritu garena: Dioxinak eta furanoak EZ direla etengabe neurtuko baizik eta bi hilean behin lehen urtean eta hortik aurrera hiru hilean behin".
Gaineratu dutenez, "salbuespen egoera horretan, sozietate emakidadunak aldi baterako galdu ditu GIG1aren errendimenduaren probak eta egiaztapenak amaitzeko eta obrak egiaztatzearen akta eta erabiltzen hastearena formalizatzeko bitarteko teknikoak. Hori dela eta, ezin izan dira instalazioaren proba jakin batzuk eta azken doikuntzetarako jarduketa batzuk egin, erabiltzen hasteko ezinbestekoak".
Egoera honen aurrean, apirila hasieratik herritar talde batek eskatu moduan, igande honetan ere, erraustegia salatzeko sirena hotsak piztera deitzen dute eguerdiko 12:00etan. Bada azken orduko bestelako arrazoirik ere; larunbatean erraustegi ondotik igarotzen den errekan hilik agerturiko ehunka arrain eta ezohiko aparra.
Probaldi apearen luzapena
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) apirilaren 28an eginiko batzarrean Zubieta gainean eraikitako azpiegiturei lotutako erabakia hartu zuen; probaldi fasea luzatzea. "Gipuzkoako Ingurumen Gunea" deitzen dioten eremu horren kontratua aldatzea onartu zuten batzarkideen %65aren aldeko bozkekin. Kontsortzioaren esanetan, "COVID-19ak eragindako osasun larrialdiari aurre egiteko Alarma Egoeraren adierazpenak, Ekondakin sozietate emakidadunak GIG-1 martxan jartzeko amaierako egokitzapeneko proba eta jarduera zehatz batzuk ezin bukatu izanak eragin du" erabaki hau hartzea; "ezohiko probaldi epea" deitu diotena ezartzea hain zuzen.
Ondorioz, Zubieta gaineko azpiegituren probaldi fasea luzatzea onartu du GHK-k, "Gipuzkoako hiri-hondakinen tratamendua bermatzeko, osasun agintaritzak eta Trantsizio Ekologikoko Ministerioak ezarritako irizpideak betez" eta honenbestez baita kontratu aldaketa tramitatu beharra ere, "alde guztien betebeharrak eta ezohiko proba epealdi honetan emakidadunari egin beharreko ordainketa erregimena erregulatzeko".
GHK-tik ohartarazi dutenez, kontratu aldaketak "ez ditu lizitazio eta esleipenaren oinarrizko baldintzak aldatzen, eta Alarma Egoerari irtenbidea emateko ezinbestekoak diren aldaketak egiten ditu bakarrik". Kontsortziotik iragarri dutenez, "ezohiko probaldi epe" honetan zehar, "kontrol eta segurtasun baldintza horiek beteko ez balira" GHK-k "probak etetea agindu ahalko du, betetzen direla bermatzen duten neurri egokiak hartu arte. Dagozkion ordainketak ere etengo lirateke".
Bizi dugun alarma egoera indargabetzen denean, "behin betiko baimena eskuratzeko" tramitazioa bideratu asmo du Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzarekin. Handik aste gutxiko tartean, ofizialki erraustegia ehuneko ehunean martxan jarri asmo dute.