"Sortuz, bakardadea isolatuz"

Ane Azkonobieta: "Betiko erromerietako kantak joko ditut"

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 9a, 12:37

"Sortuz bakardadea isolatuz" zikloan, trikitixa doinuak izango dira nagusi gaurkoan. Ikusleak dantzan jartzeko moduko saioa eskainiko du Ane Azkonobietak. 

NOAUA! Nolakoa izango da eskainiko duzun agerraldia? Zerbait aurreratzerik?
Ane Azkonobieta. Betiko erromerietako kanta batzuk joko ditut, eta dantzatzeko batzuk tartean, giro alaia sortzeko asmotan etxeetan.

NOAUA! Konfinamendua arintzeko xedez abiatu da ekimena. Eta zuk, nola daramazu egoera hau?
Ane Azkonobieta. Hasieran ondo, baina geroz eta gogo gehiago lagunekin elkartu eta lasai egoteko. Ezjakintasunak urduritzen nau batzuetan, gauzak hemendik hilabete batzuetara nola izango diren ez jakiteak. Baina orokorrean ondo daramat egoera.

NOAUA! Labur bada ere, zer da konfinamendutik okerren daramazuna? Eta alde onik ikusi badiozu, zein nabarmenduko zenuke?
Ane Azkonobieta. Okerren daramadana, lehen esan bezala ezjakintasuna da, hau etorri da eta ez dakigu noiz joango den edo nola joango den, eta hori da gaizkien daramadana.
Alde onei dagokienez, familiarekin egotea izan da nabarmenena, ohiko errutinan (unibertsitatea nik, gurasoek lana) ez gara konfinamentu honetan egon garen bezainbeste egoten. Horrez gain, ”Sortuz bakardadea isolatuz” bezalako ekimenak ikusi ditugu, eta beste hainbat bideo eta kanta ugari konfinamendu honetan sortu direnak eta hau gainditzen laguntzen ari zaizkigunak. 

 

Sortuz bakardadea isolatuz

Arratsaldeko 19:00etatik aurrera, sare sozial hauetan ikus ahal izango duzue trikitilari gaztearen zuzenekoa:

Facebook: @usurbilgoartixtak 

Instagram: @sortuzbakardadeaisolatuz