Ordutegiei dagokionez, ordu tarte beretsuekin jarraituko dela espero da. Atzoko agerraldian Illa ministroak xehetasun asko eskaini zituen, eta gaurko BOE Aldizkari Ofizialean argitaratuko da arauditegi berria.
Gizarte bizitza
Aldaketak egongo dira, maiatzaren 11n. Murrizketa handiekin, hala ere. Hona hainbat agindu berri:
- Hamar laguneko bilkura sozialak, aire zabalean edo etxebizitza barruan. Segurtasun neurriak bete beharko dira, beti ere.
- Tabernetako terrazak zabalik izango dira, mahaien arteko distantzia 2 metrokoa izanik. Oro har, terraza asko jartzeko aukera eskasa dago eta hori dela eta tabernari askorentzat ez da oraingoz soluziobidea izango. Bat baino gehiago fase berriaren zain geratuko da, negozioa ireki eta jarduera handiagoa izateko aukera ahalbidetzen zaionean.
Merkataritza
Merkatari txikiei negozioa irekitzeko aukera eskainiko zaie, baina gehienezko bezero kopurua ondo zaindu beharko dute. Probadoreak, esaterako, erabili ahala desinfektatzeko agindua jasoko dute.
Natura
Ariketa fisikoarekin eta naturarekin lotura duten ekimenak aurrera eraman ahal izango direla dirudi.
Aisialdia
Ekitaldiak egin ahal izango dira, gehienezko ikusle kopurua mugatuta. Toki itxietan, 30 lagun. Aire zabalean, 200. Ekitaldi bereziak antolatzeko aukera zabalduko da, beraz. Iragarpena jaietan ekitaldi alternatiboak antolatzeko baliagarria izan daiteke.
Elizak eta hiletak
Meza eman ahal izango da, baina ikusle kopurua mugatuta. Dagoeneko elizak zabaltzen hasiko direla iragartzen hasi dira kongregazio ezberdinak. Beilategi barruan gehienez ere 10 lagun egon ahal izango dira. Aire librean egiten diren ekitaldietan, 15.