'Zuen ahotsa', bolo-bolo zabaltzen ari den abestia

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 9a, 11:38

COVID-19 birusak sektore guztiengan izan du eragina. Batzuk hasi dira bere ohiko jarduera berreskuratzen. Zuzenean aritzen diren musikariek ordea, gehiago itxaron beharko dute. Denbora batean behintzat, kostako da lehengo egoerara itzultzea. Hala ere ez daude etsitzeko. Ezta euren senitartekoak ere. Eta hori hala dela adierazteko, bideo hau grabatu dute lau neska gazte hauek. Denak dira musikari ezagunen senideak. Tartean da Anuk Harreguy usurbildarra. 

"Bizitzen ari garen garai gogor hauek ez gaituzte amilduko, ezta gutxiago ere. Izan ere, musikari, teknikari, manager, … bakoitzaren atzean beti baitago familia handi bat, hitzaren zentzu literalean ere". 'Zuen ahotsa' bideoarekin batera zabaldu duten idatzian azaldu dutenez. Horren adibide dira Anuk eta Nora (Haritz Harreguy teknikariaren eta Keu Agirretxea musikariaren alabak) eta Mark eta Aiala (Iñigo Zubizarreta Soziedad Alkoholika-ko gitarra-jotzailearen eta Mauka Musikagintzako 'Ñako' Beato-ren ilobak, hurrenez hurren).

Grabaketa norbere etxean egin zuen eta nahasketa Haritz Harreguyk burutu zuen, San Estebanen duen estudioan. Batzuk jabetuko zineten: 'Zure ahotsa' Pink artistaren 'Try' kantu ezagunean oinarritzen da. Euskarazko letra Anuk Harreguyk idatzi du, bideoan gitarra jotzen eta kantari ageri den gaztea. 

"Belaunaldi berriek zoritxarraren aurrean sortzen jarraitu beharra aldarrikatzen dute. Krisi honek ez du musikaren sugarra itzaliko, noski ezetz", diote bideo honen sustatzaileek. "Eta bitartean, goza dezagun belaunaldi berriez!". Bideoak egun bakarrean 1.300 bisita batu ditu. Hemen duzue ikusgai.

 

Musikariak:

Anuk Harreguy, ahotsa eta gitarra. Mark Zubizarreta, baxua. Nora Agirretxea, teklatua. Aiala Beato, bateria. 

Hitzak: Anuk Harreguy.