Hondakinen kudeaketa

Berrogeialdian dauden herritarrek Atez Ateko bulegora deitu behar dute

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 9a, 13:08

Gure lurraldea lehen fasera igaro bada ere, birusak eta kutsatze-arriskuak bere horretan jarraitzen du. Lehen bezain garrantzitsua da hortaz, etxeko hondakinak kudeatzeko irizpideak errespetatzea.

Konfinamendua hasi eta segituan, Usurbilgo Udaleko Ingurumen sailak hondakinen bilketa sistema egokitu zuen. "Funtsean, modu egokituan, COVID-19 birusak kutsatutakoen edo berrogeialdian zeuden herritarren hondakinak bereizita jasotzea izan da, hasieratik, helburua". Hori egin ahal izateko, egoera horretan zeudenek Udalari egoeraren berri ematea ezinbestekotzat jo zuten, "informazio hori jasotzeko modu bakarra horixe zelako". Konfinamendua arintzen hasi bada ere, irizpide horiek indarrean jarraitzen dute, eta zorrotz betetzearen garrantzia nabarmendu du Usurbilgo Udalak.

Berrogeialdian dauden herritarrek "Atez Ateko bulegora deitu behar dute: 900 776 776. Gainerako herritarren kasuan, hondakinak utzi aurretik zein kuboak jaso ostean eskuak garbitu eta kuboak desinfektatzea gomendatzen da", udal iturriek zehaztu dutenez. 

 

Garbigunea zabalik

Hondakinen kudeaketaren inguruko albiste gehiago izan da egunotan. Atalluko Garbigunea zabaldu dute: erabilera baldintzak eta ordutegiak sanmarkos.eus webgunean kontsulta daitezke.

 

Eskularruak eta maskarak errefusa dira

Bestetik, erabilera bakarreko eskularru eta maskarilak edo musukoak errefusa dira, beraz, edukiontzi grisera (eta inoiz ez lurrera) botatzeko eskatu dute.

 

Bestelako hondakinak

Gainerakoan, hondakinak dagokien egun eta moduan ateratzen jarraitu behar da. Bestelako hondakinak etxean eduki (etxeko olioa, arropak edo ezohiko hondakinak), egoera bere onera itzultzen den arte.