Ostiralean bezala, asteburuan zehar abisu horian izango gara "prezipitazio handiagatik". Larunbat arratsalde honetan, 15:00etan hasi eta igande iluntzeko 21:00ak arte. Larunbatean, "ordubetean 15 l/m² baino gehiago pilatu daitezke EAEko zenbait lekutan. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu; zenbait lekutan handiak izan daitezke eta txingorra bota dezake. Ekaitz-guneetan haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan ditzakegu", Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez.
Igandean ere, "ordubetean 15 l/m² baino gehiago pilatu daitezke EAEko zenbait lekutan. Goizaldean eta goizean goiz zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu; zenbait lekutan handiak izan daitezke. Gainerako orduetan euri txiki-ertaina egingo du; euria iraunkorra izan daiteke, eta zenbait lekutan baliteke zaparrada trumoitsuak eta handiak botatzea, bereziki kantauri isurialdean".
Giro honetan, larunbatean Usurbilen "zerua partez hodeitua egongo da; arratsaldean hodeiak ugaritu egingo dira eta hodeitsu edo oso hodeitsu geratuko da. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu egunaren bigarren partean. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da; arratsaldean ipar-mendebaldeko haize ahula nagusituko da. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".
Igandean, "zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da. Euri txiki-ertaina egingo du. Euria iraunkorra izan daiteke eta zenbait lekutan zaparrada handiak bota ditzake, bereziki ekialdean. Ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin haizeguneetan. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez. Tenperatura maximoak nahiko edo asko jaitsiko dira".
Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus