Sortuz, bakardadea isolatuz

Usurbilgo Artixtak: "Eskerrik asko guztioi"

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 10a, 19:01

Usurbilgo Artixten emaria oparoa izan da azken asteotan: 40 bat zuzeneko eta beste horrenbeste ikus-entzunezko eskaini dituzte. Pantailaren bestaldean, ehundaka herritar batu dituzte arratsaldeko. Eskertza gisa, Foo Fightersen abesti bat egokitu dute. 

"Ekimen hau ahaztezina izango da Usurbilgo sortzaileentzat eta, herritar askoren barnean bere aztarnatxoa utzi duenaren sentipena ere badugu". Pozik dira Usurbilgo Artixtak. 'Sortuz bakardadea isolatuz' zikloak oihartzun handia izan duelako Usurbilen. Eta bide batez, artista gazte asko ezagutarazteko balio izan duelako.

 

Kultura, gotorleku eta topaleku

Konfinamendua hasi eta berehala, zuzeneko emanaldien ziklo bat jarri zuten martxan. 40 zuzeneko eskaini ondoren, Foo Fightersen bertsio honekin borobildu nahi izan dute orain arte egindako lana. "Bideo hau ekimenaren helburuen eta garapenaren erretratu fidela izateko xedearekin sortu dugu. Momentu zailetan kulturaren baitan gotortu, indartu eta elkartu garen guztiontzat. Eskerrik asko guztioi! Gora Usurbil!".

Abestian sortzaile ugari ageri dira, amaieran datoz guztien izen-abizenak. Ixak Arrutik egin du egokitzapen artistikoa eta Luken Arkarazok idatzi du letra, bertsiorako propio. Fernando Lozano arduratu da bideoaren edizio lanaz.

Etapa bat itxi dela esan daiteke. Baina Usurbilgo Artixten errota martxan da. Ekimen berrietan dute burua. Laster izango dugu berri gehiago.