Gauerdian plazaraturiko Lehendakaritzaren dekretuak, gaurtik aurrera baimendua egongo dena zehaztu du

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 11a, 08:33

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gauerdian zehaztu du Lehendakaritzaren dekretu bidez, astelehen honetatik aurrera indarrean izango den "1. fasean" baimendua egongo dena. Segidan dituzue xehetasunak, baita asteburuan zehar, Eusko Jaurlaritzak arloz arloko zehaztasunekin argitaratu dituen kartelak. 

LEHENDAKARITZAREN DEKRETUA

1. artikulua.– Dekretuaren xedea.

Dekretu honen xedea da, maiatzaren 8ko 51/2020 Errege Dekretuaren 4. artikuluak eta maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 7.4 artikuluak xedatutako esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoan antolatzea Espainiako Gobernuarekin batera adosten diren neurrien aplikazioa, normaltasun berrirako trantsiziorako Planaren 1. fasea aplikatuz ezarritako malgutze-neurriak Euskadiko osasun-larrialdiaren bilakaerara hobeto egokitzeko.

2. artikulua.– Mugikortasuna eta zirkulazio-askatasuna.

1.– Herritarrak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoen artean mugitu ahal izango dira osasun-, lan-, lanbide- edo enpresa-arrazoiengatik; ohiko bizilekura itzultzeko; hezkuntza- eta prestakuntza-arrazoiengatik; adinekoak, mendekoak, desgaituak edo premia-egoeran dauden senitartekoak bisitatzeko, zaintzeko eta artatzeko, bai eta antzeko beste edozein arrazoirengatik ere.

2.– Herritarrak bizileku duten udalerriaren mugartearen barruan mugi daitezke, distantzia-mugarik gabe.

3.– Ohiko joan-etorriak egiten diren udalerri mugakideen arteko mugikortasuna baimentzen da, jarduera sozioekonomikoak egiteko.

4.– Nolanahi ere, osasun-arrazoiak direla-eta, gomendatzen da ahalik eta gehien mugatzea bizilekua dagoen udalerritik kanpoko mugikortasuna.

3. artikulua.– Kirola eta ariketa fisikoa.

1.– Jarduera fisikoa eta kirola egin ahal izango da bizilekua finkatuta dagoen udalerriaren mugartearen barruan eta mugakideetan, betiere osasun-agintariek ezarritako segurtasun-, osasun- eta higiene-neurriak errespetatuz.

2.– Kudeaketa pribatuko aire zabaleko kirol-instalazioak maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 41. artikuluan ezarritako moduan ireki ahal izango dira, eta kirol-instalazioak kokatuta dauden udalerrian edo mugakideetan bizilekua duten herritarrek erabili ahal izango dituzte.

3.– Banakako kirol-jarduera egin ahal izango da, aurrez hitzordua eskatuta eta bizilekua dagoen udalerriaren barruko edo mugakideetako kudeaketa pribatuko kirol-zentroetan, maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 42. artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Kirol profesionala maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 38., 39. eta 40. artikuluetan ezarritakoaren arabera egingo da.

5.– Kudeaketa publikoko kirol-instalazioak itxita egongo dira.

4. artikulua.– Kultura.

Liburutegiak, museoak eta kultura-ekitaldiak eta -ikuskizunak egiten dituzten lokalak eta establezimenduak itxita egongo dira.

5. artikulua.– Ikus-entzunezko lanen ekoizpena eta filmaketa.

Ikus-entzunezko lanak ekoizteko eta filmatzeko jarduerak maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 29., 30., 31. eta 32. artikuluen arabera egingo dira.

AZKEN XEDAPENA.– Ondorioak eta indarraldia.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko maiatzaren 10ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Informazio gehiago hemen: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria