Lehen terrazak zabaldu dituzte

Lehenengo fasea indarrean sartzearekin batera, hainbat terraza zabaldu dituzte herrian. Kaffa, Opil-Goxo, Laukote-Ogi Berri eta Artzabalgo terrazetan jendea ibili da gaur goizean. 

Kaffan, terraza bi aldeetara

Kafe txukun bat hartzeko gogoz zeuden Kaffako bezeroak. Ia bi hilabetez itxita egon ondoren, Erreka Txiki kaleko kafetegian mugimendua handia izan da gaurkoan. Bi aldeetara du terraza eta, horri esker, bezero ugari atenditzeko aukera izan dute. Kaffa barruan ordea, ezin da kafea hartu. Ez mostradorean, ezta barruko mahaitxoetan. Soilik terrazan har daiteke kafea.

Pozik daude Kaffako arduradunak, baina orain lana bikoitza dela adierazi digute, mahai bat libratu orduko garbitu egin beharra dagoelako. 

 

Opil Goxon, bi mahai

COVID-19 birusak eragin duen osasun krisia hasi baino lehen, Opil Goxok mahai txiki batzuk ipintzen zituen Kale Nagusian. Pasabidean aldiz, hiru mahai. Kale Nagusikoak ezin izan dituzte jarri eta pasabidean bi mahai baino ez, segurtasun neurriak behar bezala bete ahal izateko.

Okindegia ere bada Opil Goxo, baina egunotan eramateko kafea bakarrik saldu zezaketen. Orain terrazarekin, bezeroek kafea bertan har dezakete. Opil Goxoko nagusiak penatuta sumatu ditugu ordea, eguraldiak ez duelako lagundu.

Asteotan goizez bakarrik zabaltzen zuten okindegi-kafetegia baina gaurtik aurrera arratsaldetan ere irekiko dute. Bezeroek ez dute oso argi lehenengo faseko arauak zeintzuk diren. Hala adierazi digu Opil Goxon zerbitzari lanetan aritzen den emakumea. Hori da hain zuzen, gaurko tertulietako hizpide nagusia. Irizpide argien falta.

 

Laukoten terraza zabala

Artzabal auzoko Laukote-Ogi Berri okindegian terraza zabala dute. Aterpe batek babestu du gainera. Beraz, mahai dezente ipintzeko aukera izan dute gaurkoan. Eguerdian, argazkiak ateratzera hurbildu garenean, jende ugari zegoen bertan.

 

Artzabal jatetxean, terraza irekia eta terraza estalia

Artzabal jatetxeak ere terraza ipini du. Argazkietan ikus daitekeen moduan, baserriaren atarian aulki eta mahai ugari jartzeko tokia dago. Jatetxearen albo batean karpa bat dute eta  terraza estaliaren funtzioa beteko du datozen egunetan.