Aitzagaren memoria osatzen laguntzeko deia egin dute

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 12a, 09:24

Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, konfinamendu betean herriko tabernen kontu korronteak blokeatzen hasi zen duela aste gutxi; tartean, Aitzagakoak. Etor daitekeen egoerari aurre egiteko prestatzen ari da elkartea. Bitartean, Aitzagaren memoria osatzen laguntzeko deia egin du Usurbilgo Sortuk.

Duela aste gutxi, konfinamendu egoera betean, Espaniako Auzitegi Nazionala herriko taberna eta elkarteen “kontu korronteak enbargatzen hasi zela ohartu ginen”, ohartarazi du Usurbilgo Sortuk. Urrats honen eragina azpimarratu du ezker abertzaleak. “Badakigu hau Aitzagaren eta beste herrikoen itxieraren aurreko urratsa izan daitekeela, baina hala ere ez dakigu honek ze epetan ekarri dezakeen eskenatoki hori”.

Enbargoen aurrean, errekurtsoa aurkeztu eta onartu dutela berri eman du Usurbilgo Sortuk, “diru guztia itzuli digutela aipatu nahiko genuke”. Informazio gehiago jaso ahala jakinarazteko asmoa dute. Bizi dugun egoerak ahalbidetuko balu, Herri Batzar bat egin asmo dute, “Ezker Abertzalea saretu eta indartuz”. Horrekin batera, “izango dugu parada irudimenez eta protestarako molde berriak erabiliz gure Aitzagari babesa agertzeko”.

Oroitzapen zatien bilketa
Bitarte horretan, covid19-ak eragindako egoera honetan “lehentasuna, gure osasuna eta komunitatearen zaintza dira. Eta bereziki egoera zaurgarrienean dauden herritarrak”.
 
Horrekin batera, elkartearen memoria osatzeko deia egiten dute. Oroitzapen eta eginiko ekimenak partekatzeko gonbita luzatu dute; irudiak, bideoak, marrazkiak, audioak… “ongi etorriak izango dira!”. Eduki hau guztia usurbilsortu@gmail.com helbidera helaraztera eskatzen dute.

Aitzaga ezker abertzaleko komunitatearentzat taberna edo lokal soil bat baino gehiago dela oroitarazten dute. “Bizipen eta emozio indartsuz betetako espazioa da. Une politiko biziak, parrandak, kultur ekitaldiak, herri ekimenen topalekuak, lagunak, militantzia, ilusioz auzolanean eraikitako etxea da Aitzaga. Eta hori guztia indarrez ebatsi nahi digute. Ez da beraz lapurreta ekonomiko bat soilik. Ez da lokalen konfiskazio erraldoi bat soilik. Emozio eta oroitzapen horien guztien lapurreta da”, salatu du Usurbilgo Sortuk.