Koronabirusa

Osasun krisialdira egokituriko Usurbilgo jaiak izango ditugu aurten

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 12a, 10:47

Hala baieztatu du Usurbilgo Jai Batzordeak, alarma egoera hasi zenetik astelehenean Potxoenean egindako lehen bileraren ostean. Usurbilgo jaiak ospatuko direla baieztatu zuten, "nahiz eta beste formatu eta ezaugarri batzuekin izan".

Eusko Jaurlaritzak, ekainaren 1etik aurrera uda parteko kultur ekitaldiak antolatu ahal izatea proposatu zuen iragan astean, baina ospakizunok egin ala ez erabakitzea, tokian tokiko antolatzaile eta udalen esku utzi zuen. Usurbilen, aste honetan zehar bilera erronda deitu du Usurbilgo Udaleko Kultura Sailak jai batzordeekin eta diru-laguntzak eskatu dituzten kultur eragileekin. Herriko talde bakoitzeko ordezkari bat joan ahalko da bilerotara, “jende gutxiago elkartze aldera”.

Zehaztasunak datozen bileretan
Astelehenean Usurbilgo Jai Batzordea bildu zen, alarma egoera indarrean jarri zutenetik lehen aldiz. Jaiak antolatzea erabaki dute, baina ez aurreko edizioetan ospatu izan ditugun moduan. "Festen antolakuntzari beste forma bat ematea erabaki dute. Beraz, festak ospatu, ospatuko dira, nahiz eta beste formatu eta ezaugarri batzuekin izan", berri eman dutenez.

Datozen bileretan zehaztekoak dira, "osasun krisira egokitutako Santixabelen eredua". Bitartean, gogoan izan, egunotarako Udaleko Kultura Sailak iragarritako bilera gehiago izango direla. Hemen duzue hitzorduon agenda:

Bilera erronda
Ordua:
18:00.
Tokia: Potxoeneko goiko solairua.
Bilera hitzorduak:
-Maiatzak 11, astelehena: Santixabeletako Jai Batzordea.
-Maiatzak 13/14, asteazkena eta osteguna: kultur eragileak.
-Maiatzak 15, ostirala: auzoetako jai batzordeak.