Diru-laguntzak eskatuak dituzten kultur eragileekin bilera erronda gaur eta bihar

Eusko Jaurlaritzak ekainaren 1etik aurrerako uda parteko ospakizun eta kultur ekitaldiak egin edo ez egitea, tokian tokiko udal eta antolatzaileen esku utzi zuen iragan astean. Gaia aztertzeko bilera erronda egiten ari da egunotan Udala herri eragile anitzekin. Asteazken eta ostegun honetan 18:00etan Potxoenean, diru-laguntzak eskatuak dituzten kultur eragileekin bilduko dira udal ordezkariak.

Jai Batzordeekin eta diru-laguntzak eskatu dituzten eragileekin bilduko da Usurbilgo Udala aste honetarako iragarria duen bileren errondan. Santixabeletako Jai Batzordearekin abiatu zituen saiook astelehenean. Asteazken eta ostegunean (maiatzak 13 eta 14) 18:00etan Potxoenean, kultur arloko eragileekin bildu asmo du Udalak. Ostiralean, auzoetako jai batzordeetako ordezkariekin. Gogoan izan, hitzorduoi begira Udaletik ohartarazitakoa; herriko talde bakoitzeko ordezkari bat joan ahalko da bilerotara, “jende gutxiago elkartze aldera”. 

Bilera erronda
Ordua:
18:00.
Tokia: Potxoeneko goiko solairua.
Bilera hitzorduak:
-Maiatzak 11, astelehena: Santixabeletako Jai Batzordea.
-Maiatzak 13/14, asteazkena eta osteguna: kultur eragileak.
-Maiatzak 15, ostirala: auzoetako jai batzordeak.

Osasun krisialdira egokituriko herriko festak
Astelehenean Usurbilgo Jai Batzordea bildu zen, alarma egoera indarrean jarri zutenetik lehen aldiz. Jaiak antolatzea erabaki dute, baina ez aurreko edizioetan ospatu izan ditugun moduan. "Festen antolakuntzari beste forma bat ematea erabaki dute. Beraz, festak ospatu, ospatuko dira, nahiz eta beste formatu eta ezaugarri batzuekin izan", berri eman dutenez. Datozen bileretan zehaztekoak dira, "osasun krisira egokitutako Santixabelen eredua".