Bloke Gorria

Apustu etxeen inguruko hitzaldi telematikoa larunbatean, Aztarrikakoen eskutik

Konfinamendu asteotan gaurkotasun handiko gaien inguruan Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladak antolaturiko Bloke Gorria formazio zikloa borobilduko du apustu etxeei buruzko maiatzaren 16ko hitzaldiak.

Bloke Gorria borobiltzeko, apustu etxeen inguruko solasaldia antolatu du Usurbilgo Gazte Asanbladak, larunbaterako (maiatzak 16), arratsaldeko 17:00etan. Hodei Aranguren eta Mikel Suso, Ernaiko militanteak izango dira solaskideak.

"Konfinamenduan aztarrikarrak formatzen ibili gara eta baita maiatzaren lehenean gazte aldarrikapenekin gure aletxoa jartzen langileon borrokan! Maiatzaren 16an 17:00tan Bloke Gorria borobiltzeko apustu etxeen inguruko hitzaldia antolatu dugu, Aztarrikaren YouTuberen kanaletik! Animatu parte hartzera!", luzatu dute ongbita.

Hitzaldi telematikoa izango da; Aztarrikak Youtuben duen kanaletik zuzenean eskainiko dute. Hemen duzue esteka: Aztarrika

Formazio zikloa konfinamenduan

"Langileen borroka Euskal Herrian", desobedientzia zibila, gazte prekarietatea eta apustu etxeak hizpide izan dituen Bloke Gorria formazio saioa antolatu du konfinamendu asteotan Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladak. 

Asteroko dinamikak hiru hitzordu izan ditu: astelehenetan, gaiari lotutako bideo laburra plazaratzea; asteazkenetan gaiaren inguruko testua argitaratzea; ostiraletan, gaiaren inguruko dokumentalaren proiekzioa.

Drive ireki baten bitartez, formazio hauen inguruko informazioa eskaini dute lotura honetan: https://docs.google.com/document/d/17c6VIb2SPbY5TkZAU869BtyRkMXBG3iEk5bc3wUGCbA/edit?usp=drivesdk