Koronabirusa

Gipuzkoako udalek %20 gutxiago jasoko dute foru funtsetik

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 13a, 11:00

Zergen bidez iaz baino %20-25 gutxiago jasoko duela aurreikusia du Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten, iaz baino 1.000 milioitik gora euro gutxiago. Murrizketa honek erakundeetan zuzenean eragingo duela aurreikusi du Aldundiak; tartean udaletan. Udalentzat diru-iturri garrantzitsua izango den foru funtsaren bidezko finantziazioa gutxituko baita. Datorren egoerari aurre egiteko zenbait neurri iragarri ditu Aldundiak.

"Krisi larria sortu du covid19-ak", zioen Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Eider Mendozak, foru gobernuak hartutako neurrien berri emateko astearteroko agerraldi telematikoan. %20-25eko murrizketa izan da zerga bilketan, "iaz baino 1.000 milioi euro gutxiago". Testuinguru honetan, 200 milioi euro gutxiago izango ditu modu erabilgarrian Foru Aldundiak 2020rako. Ondorioz, "aurrekontua errealitate berri honetara egokitu behar izan du".

Arlo guztietan doiketak egin dituztela berri eman dute foru gobernutik, lehentasunezkotzat jotzen dituzten bi eremuotan izan ezik; gizarte politikan eta ekonomiaren sustapenean. Foru gobernuaren esanetan, "200 milioi euro horietatik 115 milioi euro zorra berrituta eta gerakinetatik atera da. Gainerako 85 milioi euroak gainerako departamendu guztietan doiketak eginda". 

100 milioi euro gutxiago udalentzat
Egoera honek zuzenean eragingo die Gipuzkoako udalei ere, udalon finantzaketarako diru-iturri nagusietakoa den foru funtsa murriztu baita; "zuzenean dago zerga bilketari lotuta foru funtsa" Aldundiaren esanetan. Iazko urte amaieran udalek foru funts honetatik zenbat diru jasoko zuten aurreikuspena zehaztu zuten Euskal Finantzen Kontseiluan. "536 milioi eurokoa" zen une hartako aurreikuspena. Udalok foru funtseko dirua lau hilero jasotzen joaten dira eta urtea amaitu eta hurrengo otsailean likidazioa egiten da. Aurtengoan, lehen ordainketa, otsailekoa egina zutela heldu ginen alarma egoerara. 

Ordutik bizi izan dugun errealitate berri honen eraginez, Udalek 100 milioi euro gutxiago kobratuko duten aurreikuspena du Aldundiak. Itzuli beharreko dirua datorren 2021eko otsailean kolpe batean bueltatu beharrean, 2020ko ordainketa bakoitzari %20ko murrizketa aplikatzea erabaki du Aldundiak. Murrizketa hau otsailean udalei eginiko ordainketan ere aplikatzea. Erabaki hau jasotzen duen foru dekretua onartu du Aldundiak. 

Malgutasun eskaera udaletatik
Murrizketa honekin batera, Udaletatik jasotako bi eskaera ere aintzakotzat hartu dituztela berri eman dute Foru Aldunditik; "malgutasuna eskatzen zuten udal aurrekontuei begira, eta tasetan hobariak eskatzen zituen".

Foru Aldundiak konfiantza osoa erakutsi die Gipuzkoako udalei, "badakigulako modu zuhurrean kudeatzen dituztela beraien diru publikoak, baina zuhurtziaz jokatu behar dugu guztiok". Foru Aldundiak aurrekontua egokitu duen moduan, "udalen txanda da oraingoan. Gure aurrekontuak egokitzea, orain udalek egin beharko duten ariketa izango da, herritarrek behar dituzten zerbitzuak eskainiz, dagoen diru bilketara egokituta, beste modu batean ez baita posible". 

Egoera honek udalei ekarriko dizkien zailtasunei begira, "Aldundia beti aldamenean izango dute, laguntzeko gaude. Egoera honi sendo erantzuteko prest gaude".