“Udaleko langileek baloratuko dute ea beharrezkoa den udalera joatea edo Internetez edo telematikoki egiteko modua ote den”. Neurri honekin jende pilaketa saihestu nahi du Udalak. Txanda bakoitzean kontsulta bakarra eta gehienez bi herritar sartu ahalko dira hitzordu bakoitzera; “bietako batek laguntza beharko balu, hirugarren batek sartu ahal izango luke”, ohartarazi du Udalak.
Ahal den neurrian halere, udaletxe barrura sartzea saiheste aldera, beharrik ez bada, zenbait tramite udaletxe kanpoan bideratu ahalko dira. Harrerako langileen irizpideak segitzea ezinbestekoa izango da honenbestez. Udaletik adibide moduan aipatzen dute, dokumentu baten bila joatea. “Kaxa bat jarriko dute, dokumentuak hor utzi eta herritarrek har ditzaten, distantziak mantenduz”.
Zergak ordaintzeko bi modu
Udal zergak ezingo dira diruz ordaindu. Zergak ordaintzeko bi modu izango dira: “aukeretako bat udal-langileak ordainagiria eman eta bankura joatearena izango da, eta, bestea, posta elektronikoz egitea izango da. Kontu-hartzailetzatik kode bat bidaliko zaie hala nahi duten herritarrei, eta kode hori baliatu ahal izango dute bai bankura joateko edo Internet bidez ordaintzeko”. Halere, zergak helbideratzea aholkatzen du Udalak. “Zergak baimendutako epealdiaren azken egunean kobratu ohi dituzte”.
Udaletxe barruan ere neurriak hartuko dituzte; “langileen mahaiak babestu eta distantzia mantentzeko pantailak jarri dituzte”. Herritarrei maskarekin joatea eskatzen zaie, bestela bertan emango zaizkie, eta “sartu aurretik eskuak garbitu beharko dituzte”.
Kontsulta bat amaitzen den bakoitzean, udal-langileak herritarra egon den aulkia desinfektatuko du. Neurri gehiago; udaletxeak sarbide ezberdinak dituenez, aurrerantzean udal-langileak Joxe Martin Sagardia plaza aldetik eta herritarrak udal erregistrora heltzeko Irutasun kalean dagoen atetik sartuko dira.