Koronabirusa

Gizarte babesa, tokiko ekonomia eta euskal kultura, osasun krisiari aurre egiteko Udalaren lehentasunak

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 14a, 17:43

Dagoeneko 410.000 euro bideratu ditu Udalak covid19-aren ondorioetara eta horretan segi asmo du Udalak. Udalbatza osatzen duten EHBildu, EAJ eta PSE udal taldeek, gizarte babesa, tokiko ekonomia eta euskal kultura lagundu eta indartzeko neurriak adostu dituzte. Alarma egoera indarrean jarri zenetik bi hilabete igaro diren maiatzaren 14 honetan aurkeztu dituzte xehetasunak.

“Lehen unetik, pertsonak erdigunean jarri, eta kolektibo zaurgarrienengan jarri dugu begirada, elkar-zaintza, elkartasuna eta erantzunkidetasuna oinarri hartuta”, adierazi du Agurtzane Solaberrieta alkateak, EHBildu, EAJ eta PSE-ko udal ordezkari banarekin batera goizean udalbatza aretoan egin duen agerraldian.

Une oro ezohiko neurriak hartu beharrean aurkitzen direla adierazi du, "egunez egun aldatzen ari den egoerari ahalik eta erantzun egokiena emateko". 2020ko udal aurrekontuak ere egokitu beharrean aurkituko dira, diru sarreretan %20ko murrizketa izan ostean. Udal gobernu taldearen kalkuluen arabera, 1,6 milioi euro inguru murriztu beharko ditu Udalak.

Testuinguru honetan, zaindu eta indartu beharreko hiru lehentasun finkatu ditu Udalak: tokiko ekonomia laguntzea, euskal kultura laguntzea eta gizarte babesa indartzea. 

Arloz arloko neurri nagusiak
Tokiko ekonomiari dagokionez, orain arte bezala, erabiltzen ez diren zerbitzuengatik tasa edo prezio publikorik ez kobratzea, kontsumo bonuak erosteko online plataforma, erosketa bonuok erosteko %20ko diru-laguntza herritarrentzat, dirulaguntzak itxita dauden ostalaritza guneentzat, herri merkataritza eta ostalaritza indartzeko komunikazio kanpaina eta herriko merkatarientzako babes ekipamenduen hornidura iragarri ditu. 

Euskal kulturgintzari begira, Usurbilgo Artixten Taldeak bi hilabeteotan eginiko ekarpena goraipatzearekin batera, baldintza berrietara egokituko den kultur eskaintza berri eta indartsua.

Gizarte babesa indartzeko, elikadura bermatzeko konfinamendu hasieran martxan jarritako ezohiko bidetik emandako diru-laguntza ohiko bidetik emateko lanketa, gizarte larrialdietarako laguntzak indartzearekin batera. 

Udal berrantolaketa eta hainbat udal zerbitzuen irekiera ekainean
Horrekin guztiarekin batera, Udala berrantolatzeko lanetan dabiltza. Ostegun honetan, jendaurreko zerbitzua berreskuratu du udal erregistroak baita gizarte zerbitzuek ere. Aurrez ordea hitzordua eskatu beharra dago, tramitazioa edo kontsulta telefonoz edo telematikoki egin badaiteke modu horretan erantzungo da; bestela, beharrezko prebentzio neurriak hartuta, aurrez aurreko zerbitzua eskainiko du Udalak.

Aipatu baita, egungo aurreikuspenak aldatzen ez badira, ekainean zehar hainbat udal zerbitzu irekiko dira, baina hainbat mugekin; liburutegiko mailegu sistema eta irekiera, Potxoeneko lokalen erabilera, kultur ekintzen agenda berraktibatzea, Kiroldegiaren irekiera...

Osasun krisiari aurre egiteko Udalak ostegun honetan iragarritako neurrien aurkezpen agerraldi osoa, albiste honi atxikitako bideoan duzue. Datozen orduotan, arloz arloko neurrien berri zehatzago emango dizuegu.