55 alkateren proposamen alternatiboa, Aldundiak udalentzat iragarritako foru funtsaren %20ko murrizketaren aurrean

Gipuzkoako udalentzat diru-iturri nagusietakoa den foru funtsean Aldundiak iragarritako %20ko murrizketaren aurka agertu eta proposamen alternatiboa aurkeztuko dute herrialdeko 55 alkateek (tartean Usurbilgoak) ostiral honetan egingo den Gipuzkoako finantzen kontseiluan.

Honela dio hitzez hitz, Gipuzkoako 55 alkateek (tartean Usurbilgoak) sinatu duten eta ostiral honetan Gipuzkoako finantzen kontseilura eramango duten proposamenak:
“Covid19aren krisian ere, udalek lehen mailako erantzuna eman dugu. Ez dugu onartzen aldebakarrez harturiko erabaki hau eta irtenbidea adostea proposatzen diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari. Honen aurrean honako poropsamena egiten diot Gipuzkoako Foru Aldundiari:
1-Atzera bota dezala Udal Foru Fondoa (UFFF) bueltatzeko onarturiko erabakia.
2-2020ko aurrekontu aurreikuspenak bere horretan manten ditzala udalentzat.
3-Zerga bilketaren jaitsieraren ondorioz, UFFFaren beherakada itzultzeko hiru urteko epealdia ezartzea 2021ean hasita, inongo interesik gabe.
4-Gipuzkoako Foru Aldundiak 20 milioiko dirulaguntza bat bidera dezala udaletara Covid19ko krisiak sorturiko gainkostuak arintzeko asmoz.

%20ko murrizketa 
Gipuzkoako Foru Aldundiak astearteroko gobernu kontseiluak hartutako neurrien artean da, herrialdeko udalen finantziazio iturri nagusietakoa den foru funtsa murrizteko erabakia; %20an gutxituko da udalerrietako tokiko erakundeek jasoko duten laguntza. Aldundiak foru dekretu bidez onarturikoa, ostegun honetako (maiatzak 14) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak dakar. Hemen dituzue xehetasunak: https://egoitza.gipuzkoa.eus/gao-bog/euskera/gao/2020/05/14/e2002129.htm

Foru Aldundiak onarturiko hau, erabaki larritzat jo du sare sozialen bidez, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak. "Larria da erabakia bera (udalon diru sarrera nagusia baita foru funtsa) eta erabakia hartzeko modua bera ere, udalokin ezer hitz egin gabe eta adostasunik bilatu nahi izan gabe", adierazi du alkateak. Alde bakarreko halako erabakien aurrean, adostasunaren alde egin du. "Garai zail hauetan inoiz baino beharrezkoagoak dira akordio indartsuak, eta ez aldebakarreko erabakiak".

Gipuzkoako udalek %20 gutxiago jasoko dute foru funtsetik
Zergen bidez iaz baino %20-25 gutxiago jasoko duela aurreikusia du Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten, iaz baino 1.000 milioitik gora euro gutxiago. Murrizketa honek erakundeetan zuzenean eragingo duela aurreikusi du Aldundiak; tartean udaletan. Udalentzat diru-iturri garrantzitsua izango den foru funtsaren bidezko finantziazioa gutxituko baita. Datorren egoerari aurre egiteko zenbait neurri iragarri ditu Aldundiak.

"Krisi larria sortu du covid19-ak", zioen Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Eider Mendozak, foru gobernuak hartutako neurrien berri emateko astearteroko agerraldi telematikoan. %20-25eko murrizketa izan da zerga bilketan, "iaz baino 1.000 milioi euro gutxiago". Testuinguru honetan, 200 milioi euro gutxiago izango ditu modu erabilgarrian Foru Aldundiak 2020rako. Ondorioz, "aurrekontua errealitate berri honetara egokitu behar izan du".

Arlo guztietan doiketak egin dituztela berri eman dute foru gobernutik, lehentasunezkotzat jotzen dituzten bi eremuotan izan ezik; gizarte politikan eta ekonomiaren sustapenean. Foru gobernuaren esanetan, "200 milioi euro horietatik 115 milioi euro zorra berrituta eta gerakinetatik atera da. Gainerako 85 milioi euroak gainerako departamendu guztietan doiketak eginda". 

100 milioi euro gutxiago udalentzat
Egoera honek zuzenean eragingo die Gipuzkoako udalei ere, udalon finantzaketarako diru-iturri nagusietakoa den foru funtsa murriztu baita; "zuzenean dago zerga bilketari lotuta foru funtsa" Aldundiaren esanetan. Iazko urte amaieran udalek foru funts honetatik zenbat diru jasoko zuten aurreikuspena zehaztu zuten Euskal Finantzen Kontseiluan. "536 milioi eurokoa" zen une hartako aurreikuspena. Udalok foru funtseko dirua lau hilero jasotzen joaten dira eta urtea amaitu eta hurrengo otsailean likidazioa egiten da. Aurtengoan, lehen ordainketa, otsailekoa egina zutela heldu ginen alarma egoerara. 

Ordutik bizi izan dugun errealitate berri honen eraginez, Udalek 100 milioi euro gutxiago kobratuko duten aurreikuspena du Aldundiak. Itzuli beharreko dirua datorren 2021eko otsailean kolpe batean bueltatu beharrean, 2020ko ordainketa bakoitzari %20ko murrizketa aplikatzea erabaki du Aldundiak. Murrizketa hau otsailean udalei eginiko ordainketan ere aplikatzea. Erabaki hau jasotzen duen foru dekretua onartu du Aldundiak. 

Malgutasun eskaera udaletatik
Murrizketa honekin batera, Udaletatik jasotako bi eskaera ere aintzakotzat hartu dituztela berri eman dute Foru Aldunditik; "malgutasuna eskatzen zuten udal aurrekontuei begira, eta tasetan hobariak eskatzen zituen".

Foru Aldundiak konfiantza osoa erakutsi die Gipuzkoako udalei, "badakigulako modu zuhurrean kudeatzen dituztela beraien diru publikoak, baina zuhurtziaz jokatu behar dugu guztiok". Foru Aldundiak aurrekontua egokitu duen moduan, "udalen txanda da oraingoan. Gure aurrekontuak egokitzea, orain udalek egin beharko duten ariketa izango da, herritarrek behar dituzten zerbitzuak eskainiz, dagoen diru bilketara egokituta, beste modu batean ez baita posible". 

Egoera honek udalei ekarriko dizkien zailtasunei begira, "Aldundia beti aldamenean izango dute, laguntzeko gaude. Egoera honi sendo erantzuteko prest gaude".