Zubietako Arkaitzerrekan iragan asteburuan agerturiko arrain hilen aurrean, argi adierazi zuen Usurbilgo alkateak. "Asensiok kontrakoa badio ere, gu nahiko ziur gaude isurketaren jatorria errauste plantan edo TMB plantan dagoela, han inguruan ez baitago beste jarduerarik". Susmoak baieztatu dira ostegun honetan; Udalak berak hartutako laginetan ezohiko amoniako kopurua antzeman zuen Arkaitzerrekan. Pentsa, "inguruko erreketan, 1mg/l amoniako izan ohi da kontzentrazio ohikoa", Usurbilgo Udalaren esanetan. "Igandean, 62 mg/l amoniako neurtu ziren".
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak zigor espedientea ireki dio erraustegia kudeatzen duen enpresari, amoniako isurketa honengatik. "Ez genbiltzan oker, Asensio jauna: Arkaitzerrekako kutsadura errauste-plantak eragin du", adierazi du Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak sare sozialen bidez. Gardentasuna eta dituzten galderei erantzutea eskatu dio Foru Aldundiari. "Eta orain zer? Ze neurri zuzentzaile hartuko dituzue berriz ez errepikatzeko? Zeintzuk dira kontrol-mekanismoak? Nork babestuko gaitu? Erantzunak behar ditugu: gardentasuna".
Gardentasuna eta neurri zuzentzaileak eskatu ditu
Osasun krisialdi betean gauden honetan, “gure osasuna arriskuan jar dezakeen” azpiegitura dugula gogorarazten du eta ezinegona areagotzen duela, isuri honek eta “egunerokoan ikusten ditugun ketzarrek”.
Gertakari honek agerian uzten du beste behin alkatearen iritziz, “errauste-plantak kutsadura baino ez duela zabaltzen eta isurien gaineko kontrol eza”. Zaldibarko zabortegiaren antzera, erraustegiaren kudeaketa pribatua dela gogorarazten du alkateak. Eusko Jaurlaritzaren ikuskapenak noiz egingo diren aurrez jakinarazten zaizkie eta “duela gutxi jakin dugu Ingurumen Sailak zortzi teknikari baino ez dituela horrelako azpiegitura guztien ikuskapenak egiteko”.