Koronabirusa

Gipuzkoan barrena mugitzeko aukera gaurtik

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 18a, 09:22

Astelehen honetatik (maiatzak 18) aurrera, udalerri barruan soilik ez, Gipuzkoa osoan mugitzeko aukera izango da. Hala jakinarazi du larunbat honetan (maiatzak 16) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratu duen lehendakaritza dekretuak. Igandean Madrildik, datozen egunotan 10.000 biztanletik beherako udalerrietan ariketa fisikoa egin edota paseora irteteteko ordutegiak ezabatzea baimendu zuten.

Zehazteke dago noiz, baina datozen egunotan paseorako nahiz ariketa fisikoa egiteko ordu tarte mugarik ez da izango. Ez Usurbilen, ezta 10.000 biztanletik beherako udalerrietan ere. Hala iragarri zuen igandean Espainiako Gobernuak erkidego autonomietako lehendakariekin eginiko bilkuran. Horrekin batera astelehen honetatik honakoa egongo da baimendua:
-400 metro karratu baino gehiago saltoki eta lokalek irekitzeko aukera izango dute, baina "espazio horretara mugatu beharko dute jendearentzat berriro irekitzen duten espazioa".
-Gipuzkoan barrena mugitzeko aukera.
-Bizkaiara edota Arabara mugitzeko aukera, "osasun-, lan-, lanbide- edo enpresa-arrazoiengatik".
-Familiek elkarrekin paseatzeko aukera. 14 urtetik beherako umeekin ordubeteko muga.
-Ehiza eta kirol-arrantza baimenduak.
-Ospitaleko gaixoak bisitatzeko aukera, covid19-ak kutsatua ez dauden kasuetan. Bisitari bakarra eta ahal bada pertsona bera izatea eskatzen da.
-Gehienez 10 laguneko bilkurak baimenduak kalean.
-Terrazak %50ean irekiak.
-Etxebizitza berekoak ibilgailu berean joateko aukera.
-Lorezaintza-zentroen eta landare-mintegien irekiera.
-Aire libreko gaubeilak 15 lagunekoak, gune itxietan hamarrekoak.
-Gurtza-lekuen irekiera %30ean.
-IAT egitera edo kontzesionario batera joateko aukera, aurrez hitzordua eskatuta.
-Telelena lehenetsia lan munduan.
-Lanbide-, errehabilitazio terapiak eta terapia psikosozialak martxan.

Gipuzkoan barrena mugitzeko aukera
Gipuzkoan barrena mugitzea ere baimendua egongo da. Orain arte, norberak bizi zen udalerri barrura mugatu behar zuen bizimodua, zeregin jakin batzuetarako ondoko udalerrira ere mugitu zitekeen. Astelehenetik (maiatzaren 18tik) aurrera, baimendua egongo da aipatu moduan, Gipuzkoa osoan mugitzea. 

Honela argudiatu du aldaketa Eusko Jaurlaritzak larunbat honetan Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu duen dekretuan. "Epidemiak azken astean Euskadin izan duen bilakaerak argi eta garbi erakusten du kasu positiboek beheranzko joera jarraitua eta sendoa izan dutela aurreko asteekin alderatuta. Datu horri esker, eta egiaztatu ondoren azken egunetan gertatutakoak indartu egin duela gizarteak prebentzio-ohiturei buruz duen kontzientzia, beste urrats bat egin daiteke aurrera".

Gogoan izan, 1. fasean segitzen dugu, baina 2. fasera bidean aurrerapauso bezala ikusten du Jaurlaritzak urrats hau. "Joan-etorriak ez dira mugatuko udalerrira eta udalerri mugakideetara soilik, baizik eta herritarrek bizilekua duten udalerriari dagokion lurralde historikoaren eremura zabaldu ahal izango dira, bai eta udalerri horren mugakide diren udalerrietara ere, nahiz eta beste lurralde historiko batean egon".

LEHENDAKARITZAREN DEKRETUA

1. artikulua.– Lehendakariaren maiatzaren 10eko 8/2020 Dekretuaren 2. artikuluaren 2. eta 3. zenbakiak aldatzen dira, eta honela idatzita geratzen dira:

«2.– Herritarrak bizilekua duten lurralde historikoaren barruan mugi daitezke.»

«3.– Ohiko joan-etorriak egiten diren udalerri mugakideen arteko mugikortasuna baimentzen da, nahiz eta lurralde historiko desberdinetan egon.»

2. artikulua.– Lehendakariaren maiatzaren 10eko 8/2020 Dekretuaren 3. artikuluaren 1., 2. eta 3. zenbakiak aldatzen dira, eta honela idatzita geratzen dira:

«1.– Jarduera fisikoa eta kirola egin ahal izango da bizilekua finkatuta dagoen udalerriari dagokion lurralde historikoaren barruan, bai eta udalerri horren mugakide izanik beste lurralde historiko batean dauden udalerrietan ere, betiere osasun-agintariek ezarritako segurtasun-, osasun- eta higiene-neurriak errespetatuz.»

«2.– Kudeaketa pribatuko aire zabaleko kirol-instalazioak maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 41. artikuluan ezarritako moduan ireki ahal izango dira, eta horiek erabili ahal izango dituzte bizilekua kirol-instalazioak kokatuta dauden udalerriari dagokion lurralde historikoan duten herritarrek, bai eta bizilekua udalerri horren mugakide den beste udalerri batean duten herritarrek ere, nahiz eta udalerri hori beste lurralde historiko batean egon.»

«3.– Banakako kirol-jarduera, aurrez hitzordua eskatuta eta kudeaketa pribatuko kirol-zentroetan, bizilekua dagoen udalerriari dagokion lurralde historikoaren barruan egin ahal izango da, bai eta udalerri horren mugakide izanik beste lurralde historiko batean dauden udalerrietan ere, betiere maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 42. artikuluan ezarritakoaren arabera.»

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau 2020ko maiatzaren 18ko 00:00etan jarriko da indarrean.